Erretratua

Aiora Altuna: "Umeen bizitasunak bizipoza ematen dit"

Andoni Elduaien 2026ko martxoaren 21a

Aiora Altunaren erretratua. (Egilea: Gorka LarraƱaga)

Umea zela korrikan izandako sentsazioek bultzatuta hasi zen Aiora Altuna korrika Xeye atletismo taldean. Berak ikasitakoa etorkizuneko lagunei eskaintzeko, gaztetxoen prestatzaile lanak egiten ditu egun talde horretan bertan. Nolanahi ere, mendiko edota errepide gaineko probetan parte hartu zalea da azkoitiarra. Otsaileko Azkoitia Guka aldizkarian argitaratutako Erretratua erreportajea da honako hau.

Ikastolako atarian egindako bueltak eta erlojupeko probak ditu gogoan Aiora Altuna (Azkoitia, 1996) Xeye atletismo taldeko korrikalariak. Umea zela izan zituen sentipen on haiek bultzatuta hasi zen Altuna korrika. Hautua ez zuen oharkabean egin hark: ondo moldatzen zen, gustura aritzen zen, eta horrek bultzatu zuen atletismoan murgiltzera. Ordutik, bere bizitzaren estiloaren parte da atletismoa.

Hasiera haietan, Jose Antonio Zulaika zuen entrenatzaile Altunak; egun, berak Xeyen haurrak entrenatzen dituen moduan aritzen zen sasoi hartan Zulaika. Denborak aurrera egin du, baina Zulaikak hor jarraitzen du entrenamenduetan parte hartzen, belaunaldi desberdinak lotzen dituen figura gisa. Oroitzapen haiei begira jarrita, gustura gogoratzen ditu lehen entrenamenduak, talde giroa eta kirolarekiko lotura sortu zuten uneak.

Denborarekin, korrika egitea etengabeko bidelaguna bihurtu da Altunarentzat. DBH garaian, tarte batez, alde batera utzi zuen atletismoa, baina segituan sumatu zuen haren hutsunea. "Berehala konturatu nintzen zerbait falta zitzaidala", dio. Itzulera prestatu zuen Altunak, eta kontua serioago hartu zuen; entrenamendu soilak egitetik txapelketak prestatzera egin zuen jauzia hark. Helburuak jarri, txapelketetan parte hartu, eta begirada serioago batekin heldu zion atletismoari.

Ibilbide horretan, Xeye atletismo taldea funtsezko zutabe izan da Altunarentzat. Eskola kirola amaitu ostean egin zuen salto Azkoiti-Azpeitiko atletismo taldera, eta han urteetan bizirik dirauten harremanak eta familia izaera aurkitu zituen. "Lagun talde batekin egin nuen topo Xeyen hastean. Gainera, ikusten dut orduko lagun talde hura mantentzen dugula oraindik ere. Familia edo lagun giroa sortu da gure artean. Lotura polita dago gure artean. Esango nuke, entrenatzera joatean ez garela soilik entrenatzera joaten. Harreman ederra dugu geure artean", azaldu du. Atletismoa bakarkako kirola den arren, ez du atletismoa bakarkako jarduera huts gisa ulertzen Altunak; izan ere, bata besteari laguntzeko prest dagoen komunitate batekin egin du topo hark Xeyen, izan lasterketetara elkarrekin joateko edo entrenamendu egun gogorrak arintzeko.

Atletismoak markatzen du Altunaren eguneroko errutina. Korrika egitera ateratzen den unea da haren eguneko momenturik gustukoena. "Burua garbitzeko balio dit, fisikoki ondo mantentzeko… Oro har, ondo datorkit korrika egitea askatasuna lortzeko. Egun batzuetan alferkeriak eragiten dit, eta ez dut korrika egitera irteteko gogorik izaten, baina, saio bat egin eta etxera bueltatzean, ez naiz inoiz damutu atera izanaz". Altunarentzat helmugara iristeko egindako bidea bezain garrantzitsua da korrika egiteko oinetakoak jantzitako bakoitzean egindako ahalegina.

Atletismoaren bueltan sortutako momenturik berezienak ez ditu soilik podiumarekin lotzen. Garaipenak politak badira ere, sentsazioek sortzen dituzte harengan benetako arrastoak; horiek betetzen diote barrua. "Ederra izaten da inoiz baino gehiago sufritzen ari naizen proba batean aurrera jarraitzea eta helmugara iristean izaten den sentipena bizitzea". Hain justu, Altunak uste du horixe dela atletismoaren filosofia: norbere mugak gainditzeko etengabeko borroka.

Diziplina anitzetan

Garai batean goi mailako kros eta pistako lehietan ibiltzen zen Altuna, baina egun alde batera utzita ditu horiek. "Diziplina handia eta atseden gutxi eskatzen dute proba horiek", dio korrikalariak. Gaur egun, herri lasterketak eta proba zehatzak ditu helburu, tartean martxoaren 21ean egingo den Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Altuna beti sentitu izan da erosoago proba motzetan, baina azken urteotan ondo egokitu da luzeetara ere. Modak ere eragina izango zuela dio hark, gero eta jende gehiago animatzen baita distantzia luzeetara, aurrez esperientzia handirik izan ez arren.

Urteekin, baina, errepide gainean ez ezik, mendian ere hasi da Altuna korrika. Aurrez lagunartean ibiltzen bazen ere, duela bost bat urte heldu zion naturarekin parez pare jarri zuen modalitate horri. Altunaren hitzetan, prestaketa desberdina eskatzen dute bi diziplinek. "Asfalto gainean gehiago zaintzen da abiadura, erritmoa konstanteagoa da. Mendian, berriz, abiadura baino gehiago zaindu behar izaten da erresistentzia, erritmoak aldakorragoak dira eta. Asfalto gaineko lasterketetan asko ibilia naizenez, erresistentzia baino ezaugarri hobea dut nik abiadura. Hori hala, mendian maldan gora baino, eremu lauan edo maldan behera hobeto moldatzen naiz; beheraka errekuperatzen dut goraka galdutakoa", dio Xeyeko kideak.

Gaur-gaurkoz, errepide gainean gustura dabil, baina badaki sasoiak eta eguraldiak baldintzatzen dutela hautua. "Une honetan errepide gainean gustura nabil. Ordea, lau hilabete barru, mendia nahiago izango dut. Asfalto gainean lasterketa batzuk egin eta gero, udaberri sasoian mendira jotzen dut. Egunak luzeagoak izaten dira orduan, eta mendian itzuli handiagoak egitea gustatzen zait, neguan ez bezala. Asfalto gainean nekatzen naizenean, mendian lasaitzen naiz".

Entrenatzaile, urte dezente

Altunaren atletismoko ibilbidea, ordea, ez da soilik korrika egindako kilometroen arabera neurtzen. Gaztetan heldu zion entrenatzaile lanari. Unibertsitatean hasi zenean, 18-19 urterekin ekin zion umeak entrenatzeari. Hasierako urteetan astean bi orduko saioak egiten zituen haurrekin eta gaztetxoekin, baina urtez urte taldeak hazten joan dira, eta gaur egun Azkoiti-Azpeitiko ehun bat haur elkartzen dira entrenatzeko. Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorrian ibili ohi denak sarritan ikusiko du Altuna artalde handi horren buruan. Kopuruak gora egin izana "seinale ona" dela dio hark, atletismoa inoiz baino biziago dagoela erakusten baitu horrek.

Denbora gutxian gauza asko aldatu dira, eta atletismoko entrenamendu dinamikek ere bilakaera izan dute. Altunak, halere, ez dio "aldaketa nabarmenik" ikusten lehengo eta oraingo entrenatzeko moduari. "Egun, lehen baino informazio gehiago dugu, eta horrekin zenbait gauza aldatu dira. Lehen, ibili eta ibili egiten ginen. Orain, berriz, indar ariketak ere uztartzen ditugu korrikarekin. Entrenamendu dinamikak aldatu egin dira alde horretatik". Egun, indar ariketak, serieak, aldapak eta jolasak uztartzen dituzte. Hala ere, atletismorako behar diren oinarriak berdintsuak dira bai lehen, bai orain: diziplina, esfortzua eta jarraikortasuna. Balio horiek dira atletismoak eman dizkion handienak. "Esfortzurik egin gabe ez dago ezer; saiakera egiteak gero beti ematen ditu bere fruituak", adierazi du.

Entrenatzaile gisa, umeek duten freskotasunak txoratuta dauka Altuna. Haien "bizitasunak bizipoza" ematen dio azkoitiarrari, eta bere afizioa besteekin partekatzea pribilegio gisa bizi du: "Ederra da neuri gustatzen zaidan zerbait beste batzuei irakastea, eta nola ez, egiten dutena gustura egiten dutela ikustea. Azken finean, neure afizioa beste batzuekin partekatzen dut". Mezu argia transmititu nahi izan die hark ikasleei: "Dena ez da irabaztea; ondo pasatzea da kontua, eta gaizki ateratzen den egunetan, ikasgai bat jasotzea. Lasterketak bestelako filosofia batekin ere har daitezke, ondo pasatzera edota gozatzera joanez". Konstantzia hitza ere aipatu du Altunak, beretzat hori baita korrikalari izateko giltza nagusia. "Ezinbestekoa da lasai hartzea eta norbere erritmoa aurkitzea; izan ere, hasiberri asko abiadura handiegian hasten dira, segituan nekatzen dira eta utzi egiten dute, frustrazioak eraginda". Atletismoak "bizitzarako balioak" ematen dituela uste du Altunak, eta haurrek horiek beste esparruetara eraman ditzaten, bidelagun izan nahi du entrenatzaileak.

Azken finean, korrika egitea, bizitza bera bezalaxe, ez da helmugara iristea bakarrik. Bidea da, eguneroko ahalegina, eta albokoekin batera igarotako uneak. Eta hori guztia da, hain zuzen, ibilbidearen muina. Horretan saiatzen da Altuna: ibilbidea ahalik eta gehien zukutzen.

Motzean

  • Adina: 30 urte.
  • Ikasketak: Enpresa ikasketak.
  • Lanbidea: bulegoko administratzailea.
  • Korrikalaria ez banintz… kirolarien nutrizionista izango nintzateke.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut... lagunekin irtetea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide