Bina antzezlan, martxorako eta apirilerako

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 24a

'Desobedienteak 18/98' antzezlanaren irudi bat. (Ttanttaka konpainia)

Martxoaren lehen bi asteburuetan eta apirileko azken bietan emango dituzte lau antzezlanak. Martxoan, Segunda convocatoria eta Escape Room lanak aurkeztuko dituzte Baztartxon, eta apirilean, Hodei guztien gainetik eta Desobedienteak 18/98 obrak. Sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke dagoeneko. 

Azkoitiko Udaleko Kultura sailak martxoan eta apirilean Baztartxo antzokian eskainiko dituzten antzezlanen berri eman du. Datozen bi hilabeteetan bina antzezlan eskainiko dituzte herriko antzokian, eta gaur, asteartea, jarri dituzte salgai hitzordu horiek guztietarako sarrerak. 

Martxoan, aurreneko bi asteburuetan izango dira emanaldiak. Hilaren 7an, Urrup Antzerkia konpainiak Segunda convocatoria antzezlana eskainiko du (19:00). Umorea eta kritika soziala uztartzen dituen antzezlan dinamikoa aurkeztuko du konpainia horrek orduan. Egoera absurdoen bidez, eguneroko bizitzako presioak, itxaropenak eta porrotaren beldurra utziko dituzte agerian. Pertsonaien arteko harremanek eta elkarrizketa biziek barre eginaraziko diete ikusleari, eta, era berean, hausnarketara bideratuko dituzte haiek.

Martxoaren 14an, berriz, Txalo Produkzioak konpainiaren Escape Room antzezlana eskainiko dute Baztartxon (19:00). Arratsalde batean, lau lagun escape room batean sartuko dira. Barrez hasiko dute joko hori, baina gerora, esperientzia kezkagarria, zentzugabea eta iluna bihurtuko da. Joel Joanen eta Hector Clamunten komedia beltz horrek laguntasuna noraino irits daitekeen erakutsiko du, behin ateak itxi eta atzera kontaketa hasten denean.

Apirilean, berriz, azken bi asteburuetan izango dira antzezlanak. Apirilaren 18an, Markeliñe konpainiak haurrentzako edota familientzako Hodei guztien gainetik antzezlana aurkeztuko du Baztartxon (17:00). Lanaren errutinan harrapatuta, jolasteko plazera ahaztu duen aita lanpetu baten istorioa kontatuko dute. Egun batean, zorabio bat jasan ondoren, aita hori harrituta esnatuko da kaleko aingeru bat bizi den kartoizko hodeien artean. Pertsonaia magiko horrekin duen harremanaren bidez, aitak aspaldi galdu zuen inozentziara hasiko du bidaia. 

Apirilaren 25ean, azkenik, Ttanttaka konpainiak Desobedienteak 18/98 antzezlana eskainiko du Baztartxon (19:00). Zientzia Politikoetan doktoratu berria da Ainhoa, eta doktoretza tesia defendatu behar du epaimahai akademiko baten aurrean. Tesiak desobedientzia zibila jorratzen du demokrazietan indarrean dagoen eta beharrezkoa den borroka-praktika gisa, eta, aldi berean, eskubide zibilen historian eta haiek irabazteko bidean desobedientzia zibilak izan duen rol erabakigarria du ardatz. Bestetik, 18/98 sumarioaren makro prozesu judizial polemikoan kokatuko dituzte ikus-entzuleak. Hala erakutsiko dituzte eskubide zibilak gizarte mugimenduei lotutako oinarri batetik defendatzen zituzten hainbat pertsonaren prozesamenduaren lekukotzak. Antzezlanak desobedientzia zibilaren oinarrietara eramango ditu ikus-entzuleak, eta haren funtzionamenduaz nahiz egungo gizarteak dituen premiak eta pertinentziak azalduko ditu.

Hona hemen datozen bi hilabeteetako antzezlanen egutegia: 

  • Martxoak 7, zapatua: Segunda convocatoria (Urrup antzerkia). Sarrerak, hemen salgai. 
  • Martxoak 14, zapatua: Escape Room (Txalo Produkzioak). Sarrerak, hemen salgai. 
  • Apirilak 19, igandea: Hodei guztien gainetik (Markeliñe). Sarrerak, hemen salgai. 
  • Apirilak 25, zapatua: Desobedienteak 18/98 (Ttanttaka konpainia). Sarrerak, hemen salgai. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide