Urolako AEK-k antolatutako 24. Korrikaren aldeko mendi irteeran eskainiko duten hamaiketakorako txartelak eskuratzeko azken eguna da gaur, osteguna. Etzi abiatuko dira Xoxoteko aterpetxera Izarraitz mendiaren azpiko hiru herrietatik, euskararen aldeko egitasmoaren topaketara.
Mendi irteeran parte hartzeko, txartelak erosi behar dira aldez aurretik, eta tontorrean jango den pintxoa ere aurrez aukeratu behar da. Honako hiru aukera hauek daude eskuragarri hamaiketakoa egiteko: txorizo pintxoa (txartel gorria), patata-tortilla pintxoa (txartel horia) edo gazta pintxoa (txartel zuria).
Pintxoak erosteko txartelak 5,5 euroan daude salgai. Azkoitian, Lujan paper-dendan eta Zurt tabernan eskuratu daitezke; Azpeitian, Sanagustin kulturgunean eta Mendizaliek tabernan; eta Zestoan, Portalen. Pintxoaz gain, edaria ere eskainiko diete mendizaleei.
Zestoarrak izango dira mendira abiatzen lehenak, 09:15ean aterako dira Ondarbasotik. Aldiz, 09:30ean abiatuko dira Xoxotera Azkoititik eta Azpeititik, azkoitiarrak Balda plazatik, eta azpeitiarrak, herriko plaza nagusitik. Bide laburragoa egin nahi dutenentzat, berriz, Aittolatik joateko aukera ere eskainiko dute. Azken aukera horren alde egin nahi dutenek 10:00etarako azaldu beharko dute Aittolako aparkalekura. 11:30ean elkartuko dira hiru herrietako ordezkariak Xoxote tontorrean, hango aterpetxearen bueltan. Taldeko argazkia atera ondoren, hamaiketakoa egingo dute.