ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek greba orokorra dute deituta martxoaren 17rako. Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa ezartzearen alde joko dute grebara egun horretan. Azkoitiko greba batzordea ere dagoeneko egun horri begira jarrita dago, eta etzi, osteguna, hirugarren batzar irekia egingo dute Elkarguneko Floreaga aretoan (18:30).
LGS hemen erabaki leloarekin hartuko dituzte langileek Euskal Herriko hiriak eta herriak. Hain justu, gutxieneko soldata 1.500 eurora igotzea, eta orain artekotik kopuru horretara arteko diferentzia Hego Euskal Herriko gobernuek jartzea eskatzeko joko dute grebara.