Adikzioen prebentzio komunitarioko bigarren udal plana eztabaidatuko dute biharko udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 24a

Azkoitiko udaletxea. (Andoni Elduaien)

Era berean, EAJ, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako Martxoaren 8ko adierazpena onartzea izango dute xede biharko udalbatzarrean. Ohi bezala, udal bilkura zuzenean jarraitu ahal izango da Azkoitia Gukan.

Azkoitiko Udalak otsaileko ohiko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena. 18:00etan hasita, EAJko, EH Bilduko, Azkoitia Baiko eta PSE-EEko udal ordezkariek sei puntuko eguneko zerrenda izango dute eztabaidatzeko. Bihar, adikzioen prebentzio komunitarioko bigarren udal plana onartzea izango dute helburu lau udal taldeek. 

Era berean, Emakumeen Nazioarteko Egunaren bueltan jeltzaleek, koalizio subiranistak eta sozialistek elkarrekin aurkeztutako Martxoaren 8ko udal adierazpena onartuko dute. Hiru alderdiek elkarrekin adostu dute M8aren bueltako testua, eta hura onartuko dute. Bestalde, udalaren zerbitzura diharduten langileen 2025. ekitaldiko ordainsarien igoeraz ere arituko dira udal ordezkariak.

Ohi bezala, Azkoitia Gukan zuzenean ikusi ahal izango da biharko ohiko udalbatzarra, 18:00etatik aurrera. Hona hemen biharko udalbatzarraren gai ordena:

  1. Aurreko bilkuraren aktaren onespena, hala badagokio.
  2. Azkoitiko Udalaren zerbitzura diharduten langileen 2025 ekitaldiko ordainsarien igoera onartzea. 
  3. Azkoitiko Adikzioen Prebentzio Komunitarioko II. Udal Plana 2025-2029 onartzea.
  4. EAJ, EH Bildu eta PSE-EE udal taldeek aurkeztutako Martxoaren 8ko adierazpena.
  5. Aurrekontuari buruzko informazioa.
  6. Galde-erreguak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide