Egeriariaren egiazko bidaien lehen zirta

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 23a

Lopez 'Zirtak su' liburu berria eskuetan duela. (Utzitakoa)

Egeria IV. mendeko emakume bidaiariaren urratsei jarraituz, Maite Lopez idazle azkoitiarrak iraganera egin du jauzi bere lehen eleberrian. Zirtak su lanean, historia eta fikzioa uztartu ditu, Erromatar Inperioaren gainbehera eta kristautasunaren hastapen nahasiak oinarri hartuta. Benetako testigantza batetik abiatu, eta isilarazitako pasarteak berreraikitzeko ahalegina egin du azkoitiarrak. Trilogiaren lehen alea da gaur aurkeztu duena.

Joan den astean Gema Lopezek aurkeztu zuen Barazkijalea eleberria, eta gaur, astelehena, haren ahizpa Maite Lopezek bere ibilbideko zazpigarren liburua aurkeztu du: Zirtak su. Hasieran bazen hitza eleberri historikoa. Donostiako udal liburutegian aurkeztu du Lopezek trilogia izango den lanaren lehen ataleko liburua, Oier Etxebeste aurkezleak eta Aritz Galarraga Alberdania argitaletxeko editoreak lagunduta. Gaur aurkeztu duen bere lehen eleberriaren ondotik, beste bi liburu aurkeztuko ditu Lopezek datozen hilabeteetan, lehenaren historia zabaltzea eta osatzea xede dutenak. 

Zirtak su egiazko gertakizun batean oinarritu du Lopezek: Egeria, mendebaldeko lehen emakume bidaiaria eta idazlea. Hala, IV. mendeko emakume horren bidaia luzea kontatzen du Lopezek eleberrian, Gallaeciatik Lur Santurainokoa, alegia. Protagonistaren gorabeherak bildu ditu azkoitiarrak liburuan, eta istorio horiek guztiak orduko testuinguru berezian eta nahasian kokatu: Erromatar Inperioaren gainbeheran eta kristautasunaren hastapenetan.

2022. urtean kaleratu zuen azkoitiarrak Ibilbidea itzulpen liburua (Testu Zaharrak), eta hura oinarri hartuta ondu du orain Zirtak su. Egeriaren ibilaldi osoaren zati bat baino ez da iritsi gaurdaino, eta hori "oso adierazgarria" egin zitzaion idazleari. "Orduan piztu zitzaidan niri zirta, eta hortik sua edo eleberria. Ustez Egeriak egin zuen ibilbide osoa berreraiki dut. Abenturazko eleberri bat da, baina tartekatu dut zentsuraren atala. Izan ere, zergatik heldu zaigu guri bakarrik Lur Santuko zatia, halako bidaia luzea egin bazuen Egeriak?", adierazi du Lopezek. Galdera horri erantzuna eman nahian jorratu du idazleak zentsuraren gaia. Hain justu, Egeriak egindako bidaia zentsuraren gaiarekin tartekatu du Lopezek kapituluka.

Zentsuraren atalak "dokumentazio lan ikaragarria" eskatu dio idazleari. "Fikzioak askatasun handiagoa eman dit, itzulpenak ez bezala. Tokian tokian zer txanpon erabiltzen zen, nola janzten ziren, zer usain zeuden, herritarrek zertan sinesten zuten, itsasontziz nola bidaiatzen zen... azaldu nahi izan dut liburuan. Hitzek hegan egiten dute, eta idatzitako hitzek iraun. Kasu honetan, ordea, ez da horrela izan, eta horri ere eman nahi izan diot halako irauli bat", esan du idazle azkoitiarrak. 

Egeriak berak lehen pertsonan idatzi zituen testigantzak. Besteak beste, berak ikusitako testigantza zuzenak jaso zituen gutun bezala. Lopezek eleberriko protagonistak erabili zuen estilo bera mantendu nahi izan du liburua ontzeko, eta berak ere lehen pertsonan idatzi du kontakizun guztia. "Gutun baten gisan dago idatzita eleberria, eta bere aberriko lagunei zuzentzen zaie. Hori mantendu egin nahi izan dut. Nire asmoa izan da bidean galdu den guztia berreraikitzea eta isilarazi dituzten hitz guztiei ahotsa ematea izan da. Halako bidaia luze bat egiteak dakartzan arrisku, kezka, ardura eta ausardia guztiak plazaratu nahi izan ditut".

Erromatar Inperioaren gainbeheran eta kristautasuna erlijio ofizial gisa ezarri zen garaian dago kokatuta liburua, eta Lopezek azaldu du paganismoaren eta kristautasunaren arteko tirabirak, kezkak eta zalantzak jaso dituela eleberrian, sinesmen desberdinak "agerian" jarriz. Hori hala, trilogiaren lehen liburu honetan Hispaniako eta Galiako ohiturak, sinesmenak eta jainkoak jaso ditu idazle azkoitiarrak. 

Lopezek uste du gazteentzat "oso egokia" izan daitekeen lana kaleratu duela gaur. "Iruditzen zait gaur egun gazteak oso ohituta daudela bidaiatzera. Hein batean, liburu hau ere bada bidaia liburu bat, ezagutzen ez ditugun kontuak ezagutarazten dituena. Gustatuko litzaidake gazteei pentsaraztea, edo behintzat, hausnarketa bat egitera bultzatzea, haiek segurutzat ezer jo ez dezaten. Esaterako, zergatik heldu zaigun historia heldu zaigun bezala". 

Iraganera egindako bidaia da Zirtak su, baina baita orainari begiratzeko leiho bat ere. Egeriaren urratsei jarraituz, Lopezek galdera deserosoak plazaratu ditu, hala nola historia nork idazten duen, bidean zer isilarazten den, eta zer galtzen den horiek guztiak itzaltzen direnean. Zentsuraren itzalak eta sinesmenen arteko talkek markatutako garaian kokatu badu ere kontakizuna, gaurkotasunez beteriko gogoeta da liburuko orrietan jaso duena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide