Renata berpiztuko da Baztartxo antzokian

Aroa Zamora 2026ko otsailaren 26a

'Renata' antzezlaneko irudi bat. (KulturKlik)

Renata izeneko emakume baten istorioa kontatuko dute Baztartxon, pentsa daitekeen modurik zentzugabeenetan etengabe hiltzen den protagonista baten istorioa. 

Kamikaz Kolektiboak Renata antzezlana eskainiko du zapatuan, Baztartxo antzokian (19:00). Umorea eta zentzugabekeria uztartuko dituzte aktoreek obra horretan, ikusleak hausnarketara bultzatzeko xedez.

Azken orduko albiste batekin zabalduko dute obra: Renata berpiztu da. Renata 133. aldiz hil da, marrazoz betetako igerilekura salto egin eta bururik gabe geratu denean. Renata, ordea, behin eta berriz hiltzen eta pizten da, eskuartean hil ala biziko misio bat baitu: pantailen artean desitxuratzen ari den sistema aldrebes baten erdian, nola bizi ahaztu duen gizartea esnatzen saiatuko da protagonista.

Oholtzan eskualdeko lau aktore eta pertsonaia asko ikusiko dira: Erika Olaizola ea Xanti Agirrezabala azpeitiarrak, Amancay Gaztañaga zestoarra eta Iraia Elias zarauztarra. Pertsonaia horiek guztiek Renata zirikatuko dute erritmo frenetiko eta komiko batean. Musikak ere garrantzi handia izango du traman, erritmoa eta freskotasuna emango dizkio-eta joko eszeniko biziari.

Renata antzezlana ikusteko sarrerak dagoeneko salgai daude; Entradium atarian eskuratu daitezke 8 eta 12 euro artean. Honako lotura honen bidez eros daitezke etziko obra ikusteko sarrerak. Gukak, berriz, bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu gaur 12:00etan, Azkoitiko Kultura sailaren eskutik. Gukako bazkideek honako lotura honetan izango dute zozketan parte hartzeko aukera. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide