Sei puntu jokoan, sei puntu poltsikora. Gutxitan izaten dira halakoak, baina Anaitasunaren gizon-emakumeen taldeak lor zitzaketen puntu guztiak pilatu dituzte igaro berri den asteburuan. Gizonen taldeak 3-0 irabazi zion zapatuan Mutrikuri Txerloian, eta emakumeenak 0-3 hartu zuen mendean Bizkeneskak taldea, Getxon (Bizkaia).
Loren Barbado entrenatzailearen gizonen taldeak nagusitasun osoz irabazi zuen bere lehia, eta, gainera, hasiera hasieratik lortu zuen markagailuan agintzea. Barbadorenek ohikoa duten jokoa erakutsi zuten Mutrikuren aurka: baloia oinetan hartu, patxadaz kudeatu, eta jokoari mugikortasuna erantsi. Horixe da Anaitasunaren aurtengo formula, etxean zinez emaitza onak ematen ari dena.
Gorritxoek laugarren minutuan jaso zuten lehen saria, taldeak ezin hobeto gauzatu zuen talde jokaldi bati amaiera ezin hobea emanez. Atzetik aurrera eta oinetik oinera jokatu zuen taldeak, eta bien bitartean, Aimar Guembek behetik goraino igo zuen eskuin hegala. Baloia oinetan jaso, eta erdiratu behar zen lekura erdiratuta, Carlos Juaristik lortu zuen arratsaldeko lehen gola. Anaitasunako zelai erdiaren jabe den jokalariak zital zapaldu zuen area, eta Guembek erdiratutako baloia zetorkion moduan atera jota, bat eta hutsekoa egin zuen Juaristik, langak lagunduta.
Golaren ostean, gol gehiago pilatuko zituen zantzuak erakutsi zituen Anaitasunak; Mutriku, berriz, zalantzati aritu zen. Ordea, minutuek aurrera egin ahala jokoak orekatzera egin zuen. Anaitasunari gehiago kostatu zitzaion arriskua sortzea, eta baloia ere lehen minutuetan baino gutxiago izan zuen oinetan. Duda-mudako minuturik izan bazuten gorritxoek, orduan izan zuten. Nolanahi ere, bisitariek ez zuten Anaitasuna behar beste larritu. Egoera hari aurre eginda, atsedenaldiaren aurretik ere izan zituzten Barbadorenek bigarren gola sartzeko abaguneak, baina ez zituzten gauzatu.
Aldageletatik bueltan, eta bat eta hutseko emaitza izanda, arriskutsu jar zitekeen lehia, baina gorritxoek laster zapuztu zituzten Mutrikukoen asmoak. 58. minutuan lortu zuen Anaitasunak bigarren gola. Ezker hegalean, area ertzean, gogor borrokatu zuen baloia Julen Larramendik, eta Mutrikuko atzelari bati lehia irabazita, area barruan atzera egin zion pasea ezker atzelariak, Oihan Etxanizek Mutrikuko atezaina gaindi zezan.
Bi eta hutsekoarekin kasik lehia ebatzita utzi zuen Anaitasunak. Mutrikuk gauza gutxi erakutsi zuen berdegunean, eta erakutsiko zuen traza handiegirik ere ez zuen azaldu. Hala, Anaitasuna eroso aritu zen berdegunean. Mutrikuko jokalariek lerro berean nahiz lerro artean utzitako espazioetan jokatu zuten baloia gorritxoek, eta modu horretan erasoko jokaldi bat baino gehiago josi zituzten. Ordea, hirugarren eta azken gola 83. minutuan egin zuen Anaitasunak; Oihan Etxanizek ez zuen hutsik egin atearen aurrean.
Garaipen erosoa, baina ez balio gutxikoa lortu zuen Anaitasunak; izan ere, sailkapeneko liderra den Real Unionek kale egin zuen atzo etxean Borja Rocha azkoitiarrak zuzentzen duen Elgoibarren aurka. Irungoek (Gipuzkoa) 1-1 berdindu zuten, eta hala, Anaitasunak bi puntu kendu dizkio lehen zazpi puntukoa zen errentari. Gorritxoak sailkapeneko bigarrenak dira 44 punturekin, eta 49 puntu ditu Real Unionek. Lehen posturako borroka estutu nahi badu, baina, Anaitasunak etxetik kanpo ere hirunaka batzen hasi beharko du. Datorren igandean, martxoak 1, Lesakako (Nafarroa) Beti Gazte taldearen aurka jokatuko dute Barbadorenek, 16:30ean hasita.
Garaipena Getxon
Emakumeen Euskal Ligako taldeak ere garaipen ona erdietsi zuen Getxon (Bizkaia). 0-3 irabazi zuten Iñigo Oruesagasti Orue entrenatzailearenek Bizkeneskak sailkapeneko azkenaren etxean. Lehiari lasai ekin zioten gorritxoek; aurkaria baino gehiago ziren bai baloiarekin, bai zelaian, baina Anaitasunak ez zen iritsi aurkariaren atean arriskurik sortzera. Minutuek aurrera egin ahala, gorritxoak neurketan gero eta erosoago sentitu ziren, eta aurrez ezina zena lortu zuten: gol aukerak sortzea. Hala, 19. minutuan lortu zuten Oruerenek markagailuan abantaila hartzea. Area barruko aldaratze bat probestu zuen Enara Andueza atzelariak gola egiteko.
Gol horrek ez zuen partida aldatu. Kontrako emaitzarekin Bizkeneskak taldeak bultza egin bazuen ere, Anaitasuna eroso eta sendo aurkitu zen defentsako lanean. Taldeak, gainera, goleko abaguneak amaitzeko nahia erakutsi zuen berdegunean. Hala, atsedenaldirako bi minutu falta zirela, Jone Sudupek lortu zuen gorritxoen bigarren gola egitea. Taldeak jokaldi dotorea osatu zuen Anaitasunak, eta Sudupek ez zuen hutsik egin atearen aurrean.
Bigarren zatiaren hasieran gehiago sufritzea egokitu zitzaien gorritxoei. Etxeko taldea lehia estutuko zuen gola egitera zelairatu zen, bultza egitera, baina aurreneko zatian bezala, bigarrenean ere Anaitasunak ondo kokatuta egin zuen lan bere atearen aurrean. Erasoan, gainera, aukera paregabeak sortzeko gai izan ziren Oruerenak, eta etxekoen atezainagatik ez balitz, Anaitasunak hirugarren gola lortu baino lehen ebatziko zukeen partida. Aurreko saiakeretan ez zuten asmatu gorritxoek, baina 67. minutuan Kalare Olaizolak lehia erabakita uzteko gola. Hala lortu zuen Anaitasunak sasoiko 11. garaipena.
Sailkapeneko zazpigarren postuari eusten dio Anaitasunak, 34 punturekin. Datorren zapatuan, hilak 28, Txerloian jokatuko dute Oruerenek Lakua Vitoria-Gasteiz taldearen aurka. Sailkapenean koska bat gora egiteko aukera bikaina dute gorritxoek datorren asteburuan.