Martxoaren 8ko lanketarekin hasi da Itaia Azkoitian, eta horretarako, antolakundeak aurreneko komitea egin zuen joan den larunbatean. Azpeitiko Esklabak Zentro Sozialistan elkartu ziren kideak, eta Martxoaren 8rako panel artistikoak eta informatiboak egiteko baliatu zuten tartea, gero herriko kaleetara ateratzeko. Martxoaren 6an izango da hurrengo komitea: Elkargunean izango da saio hori 18:00etan, eta hara joaten direnek gaiari lotutako film labur bat ikusiko dute, eta ondoren emakumeen errealitateaz hausnartu.
Dena den, izango da bestelako ekintzarik ere Azkoitian Itaiaren eskutik: izan ere, datorren larunbatean, hilaren 28an, solasaldia izango da Elkarguneko Oteiza aretoan, 12:00etan: Itaiak egin berri duen kongresuan ateratako oinarri politikoak zein emakumeen "gehiengoarentzat askatzaileak" izango diren balioak izango dituzte hizpide han.
Horrez gain, Emakume langileok askatzeko batu borrokara izenpean, artelan erakusketa zabalduko dute Portaleburun martxoaren 6an eta 7an, eta biharamunean mobilizazioa izango da plazan.
