Biele ISBk denboraldiko hamabigarren garaipena erdietsi zuen atzo, igandea, Azkoitiko Elkargunean. Iñigo Nuñezek zuzendutako taldeak Caceres Patrimonio de la Humanidad taldearen bost garaipeneko bolada ona eten zuen, eta era berean, sailkapeneko goiko postuetan sartzeko hautagaietako bat zen taldeari hegalak moztu zizkion. Otsoek 86-82 irabazi zuten.
Caceresko (Espainia) taldeak emandako kolpeei, halako beste batekin erantzun zien Biele ISBk lehiaren hasieran; izan ere, bisitariek lortutako partzial bakoitzak otsoen erreplika izan zuen. Nolanahi ere, une batez aurretik jartzea ere lortu zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak, urruneko jaurtiketetan asmatuta. Laurdenaren azken segundoetan, ordea, bisitariek jaurtiketa libreen lerrotik pilatutako puntu batek hautsi zuen ordura arteko oreka (22-23).
Bigarren laurdenaren hasieran ere Caceresko taldeak agindu zuen markagailuan, nahiz eta ez izan alde handiagatik. Iñigo Nuñezen taldeak Sagna eta Badjiren esku utzi zuen uztaipeko lana, baina Mirandaren hirukoei eta Williamsen erabaki onei esker lortu zuen Biele ISBk markagailuari buelta ematea. Gainera, Niangek atsedenaldiaren aurretik izan zen azken jokaldian lortu zuen saskiratzeak lau puntura igo zuen errenta (44-40).
Bigarren zatiaren ondoren aldea handitu egin zuen Biele ISBk. Segituan 51 puntu pilatu bazituzten ere, Cacereskoek lehia iraultzen hasteko lanari ekin zioten. Minutu onak erakutsi zituzten kantxan bisitariek, eta hala markagailuan aurretik jartzea lortu zuten (51-52). Otsoak, baina, garaiz esnatu ziren loalditik. Lehia pare-parean jarri zuten; Williams norgehiagokaz jabetu zen, eta laurdenaren hasieran zuen errenta berari eutsi ahal izan zion hala taldeak (70-66).
Azken laurdenari ezin hobeto ekin zioten otsoek. Aldea zortzi puntura eraman zuen Nuñezen taldeak lehen minutuetan, baina Cacereskoen entrenatzaileak lehia gelditu zuen taldea saretzeko xedez. ISBren oldarraldia guztiz eten, eta markagailuan aurretik jarri ziren-eta partida amaitzeko hiru minutu eskasen faltan (76-79). Gainera, amaiera beroa izan zen. Puntu garrantzitsua zen jokoan zegoena, eta tentsioa nabaria izan zen. Epaileek ISBko entrenatzaileari falta teknika bat adierazi zioten, baina Badjiren puntuei eta bisitariek saskiratze batean egindako huts bati esker, Biele ISBk garaipena ziurtatu ahal izan zuen.
Williams izan zen Biele ISBko jokalari onena atzo. Joko antolatzaile estatubatuarrak 16 puntu saskiratu zituen 17 puntuko balorazioa eskuratzeko. Hamabi garaipenekin sailkapeneko laugarren postuan jarraitzen dute otsoek; garaipen bat gehiago du Clinica Ponferrada SDP taldeak, eta bi gehiago dituzte UEMC Baloncesto Valladolid eta Coto Cordoba CB taldeek. Datorren asteburuan atseden hartuko du taldeak, eta martxoaren 8an, igandez, CB Toledo Basket taldearen Javier Lozano kantxan jokatuko dute (12:00).
Saiakera antzua
Domusa Teknik ISBk, bestalde, galdu egin zuen herenegun, zapatua, Recoletas Zamora taldearen aurka (60-66). Azkoitiko Elkargunean aritu ziren haiek ere, baina ezin izan zuten zaleen aurrean play-off postuetarako urrats bat gehiago egin. Recoletas Zamorak argi utzi zuen hasieran bere nagusitasuna; izan ere, bi minututan 0-9 aurreratu ziren haiek. Egoera hura ikusita, Luis Agirre entrenatzaileak partidako bere lehen hutsartea eskatu behar izan zuen, eta asmatu zuen. Etenaldia hark balio izan zion ISBri esnatzeko, pixkanaka-pixkanaka otsoak aldea murrizten hasi ziren eta. Gainera, lehen azken unean aurrea hartzea ere lortu zuten Agirrerenek, laurdena 17-16 itxiz.
