Isilune Zirkuluak otsaileko elkarretaratzea egin zuen atzo, osteguna, herriko plazan. 20:00etarako hainbat lagun bildu zen Kontzejupean, Mendebaldeko Sahararen alde egiteko. Hain justu, duela mende erdi saharar herriak egindako "urrats historikoa", Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapena, gogoratzeko eta omentzeko egin zuten kontzentrazioa.
Astebete barru, otsailaren 27an, 50 urte beteko dira Fronte Polisarioak saharar herriaren ikurra basamortuan altxatu eta independentzia aldarrikatu zuenetik. Halaber, egunotan beteko dira 50 urte Marokoko hegazkinek Um Draigako kanpalekua fosforo zuriz eta napalmez bonbardatu zutenetik. Hain justu, Isilune Zirkuluak gogoratu zuen arma horien erabilera guztiz debekatuta dagoela, eta bonbardaketa horien ondorioz milaka lagun hil zirela, tartean haurrak, emakumeak eta adinekoak.
Gatazkan eraildako sahararrak gogoan, Mendebaldeko Saharak egindako adierazpen historikoak nabarmendu zituzten. "Gogoan ditugu sahararrak mapatik ezabatzeko saiakerak. Presente ditugu 50 urteko erbestealdia eta borroka. Eta gogoan dugu 1976ko otsailaren 27an, Bir Lehlun, Fronte Polisarioak nola adierazi dion munduari bere herriaren borondate irmoa: saharar herria libre izatea eta etorkizuna bere kabuz erabaki ahal izatea. Saharar herriak 50 urte daramatza zain, baina ez isilik. Zutik egon da. Antolatuta egon da. Borrokan egon da", esan zuten. Finean, saharar herriak libre izateko, bere lurraldea berreskuratzeko eta bere etorkizuna "askatasunez eraikitzeko eskubidea" duela azpimarratu zuten.
Elkarretaratzea ixteko, plazan bildutakoek gogoan izan zituzten preso politiko sahararrak, kanpalekuetan eta lurralde okupatuan bizi diren emakumeak eta haurrak, eta baldintza gogorrei aurre eginez bizi diren saharar gazteak. "Saharar herriaren borroka ez da haiena bakarrik. Askatasuna, autodeterminazioa eta giza eskubideen defentsa unibertsalak dira. Saharar herriaren borroka hemen gauden guztiona ere bada", esan zuten.