'Go!azen'-eko protagonistek hamabigarren denboraldiko ikuskizuna aurkeztuko dute bihar, Baztartxon

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 20a

'Go!azen 12' ikuskizuneko zenbait protagonista izango dira bihar Baztartxon. (Makusi)

Birritan ikusi ahal izango dira Go!azeneko lagunak Baztartxon; izan ere, 16:00etan eta 18:30ean eskainiko dute ikuskizuna. Oraindik badaude sarrerak bi emanaldietarako.

Go!azen 12 ikuskizuna Azkoitira helduko da bihar, zapatua. Baztartxo antzoki oholtza gainean izango dira ETB1eko telesaileko zenbait lagun, han abestu eta dantzatu ohi dituzten abestiak Azkoitiko haurrei eskaintzera. Gainera, birritan ikusi ahal izango dira Go!azeneko lagunak Baztartxon; izan ere, 16:00etan eta 18:30ean eskainiko dute ikuskizuna.

Maitanek ideia bat garatuko du: Basakabi "bigarren aukeren udalekua" bilakatzea. Dena den, Garaziri ez diote haren asmoen berri emango, eta Basakabi arazoak dituzten gaztez beteko. Hortik aurrera, uda zaila biziko dute bi lagunek. Hara iritsi berriak diren gazteek iskanbilak sortuko dituzte, eta gainera, egoera zailduko du Kuxkuxerok: ikasle guztien inguruko informazioa zabalduko du hark sare sozialetan.

Ohi bezala, musika, dantza eta abestien uztarketatik prestatutako lana aurkeztuko dute Go!azen telesaileko aktoreek. Emanaldi horri lotuta, ikusle fotosentikorrentzako oharra ere zabaldu dute; izan ere, eszena batzuetan argi kliskatzaileak edo formadunak erabiliko dituzte, besteak beste, argi estroboskopikoak, patroi errepikakorrak eta distira aldaketa azkarrak. Horiek ikusle fotosentikorrengan eragina izan dezaketela ohartarazi dute antolatzaileek.

Sarrerak, salgai

Go!azen telesaileko lagunak Baztartxon ikusi nahi dituztenentzako sarrerak Entradium atarian ari dira saltzen. 8 eta 10 euro artean ari dira saltzen horiek; 8 euro balio dute ikusmen gutxiko aulkietako sarrerek, eta 10 euro, gainerakoek. Honako lotura honetan eskuratu daitezke –sarrera erosterakoan kontuan hartu beharko da 16:00etako eta 18:30eko emanaldiko sarrerak erosi nahi diren.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide