Xabier Euzkitzek hiru eguneko ikastaroa eskainiko du datorren astetik aurrera Azkoitian, Euskaraz ganoraz! izenpean, eta herriko euskara eta euskara batua landuko ditu komunikatzaileak, adierazkortasunari eta komunikazio-gaitasunari arreta berezia eskainiz. Hilaren 24an, martxoaren 3an eta martxoaren 10ean eskainiko ditu hark saioak Elkarguneko Oteiza aretoan 18:30etik 20:00etara artean, eta han parte hartzeko ez dago aurrez izena eman beharrik.
Euzkitzek ikastaroaren nondik norakoak azaldu ditu: "Azkoitian euskaraz bizi gara gehienok. Hitz egitea da garrantzitsuena, baina erabilerak behera egin ez dezan, beharrezkoa da adierazkortasunari eta komunikazio-gaitasunari eustea, eta komunikazio egokiak gako egokiak eskatzen ditu. Hiru eguneko ikastaro honetan ez gara gramatikaren arau zurrunetan korapilatuko. Adibide zehatzen, kantuen eta jolasen bidez, ondo, erdipurdi edo trakets erabiltzen ditugun hitz eta esamoldeak aztertuko ditugu, ordain egokiak proposatuko, adierazkortasuna landuko, iritziak eta proposamenak partekatuko”. Era berean, hika erabiltzeko "oinarrizko arauak" ere azalduko dituzte saioetan.
Azkoitiko Udalak sustatutako egitasmoa da, Korrika Kulturalaren barruan gauzatuko dutena. Hain zuzen, ikastaroa ikasleei zein irakasleei ez ezik, interesa duen edozein herritarrei zuzenduta dagoela adierazi du udalak, eta han parte hartzera animatu ditu Euskara sailak: “Euskara maite dugunontzat, saio hauek aproposak dira, besteak beste, euskararekin gozatzen jarraitzen lagunduko digutelako”, esan du Marijose Arregi Euskara zinegotziak. Ildo beretik, ikastaroa euskara gaitasuna "pixka bat landu nahi duen edozein herritarrentzat" dela adierazi du Euzkitzek.