Xabier Ariznabarretak irabazi du 44. Bizenta Mogel ipuin lehiaketa

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 19a

Xabier Ariznabarreta, bertsolariei bertsotarako gaia ematen. (Aiurri)

Andoaindarrak irabazi du lehiaketaren 44. aldia. Gotzon Plaza bilbotarrak jasoko du bigarren saria, eta Iraitz Legarra markinarrak hirugarrena. Hilaren 27an egingo dute sari banaketa ekitaldia, udaletxeko bilkura areto nagusian.

Xabier Ariznabarreta andoaindarrak irabazi du 44. Bizenta Mogel ipuin lehiaketa. Azkoitiko Udalak gaur, osteguna, jakinarazi du lehiaketaren aurtengo sarituen zerrenda, eta Ariznabarretak idatzitako Hosto lanak jasoko du lehen saria. Gotzon Plaza bilbotarrak jasoko du bigarren saria Kaiolan aske lanagatik, eta Iraitz Legarra markinarrak hirugarrena, Saint Louis-Somone ipuinagatik. 

Aurten, guztira, 34 ipuin aurkeztu dira ipuin lehiaketara, eta, azken aldietan bezala, Iñigo Antsorregi, Yolanda Larrañaga eta Juan Luis Zabala aritu dira epaimahaikide lanetan. Udalak, ohi bezala, hiru lan sarituko ditu erakundeak; 1.600 euro banatuko ditu horien artean: 700 euro eta oroigarria jasoko ditu Ariznabarretak; 500 euro eta oroigarria Plazak; eta azkenik, 400 euro eta oroigarria Legarrak. 

Sari banaketa ekitaldia hurrengo ostiralean, hilak 27, egingo dute udaletxeko bilkura areto nagusian, 19:00etan hasita. Udalak gogorarazi du ekitaldia irekia dela eta herritarrak denak daudela ekitaldira gonbidatuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide