"Puntako" bertso saioa etzi Floreagan, Maxixatzenen urteurrena ospatzen hasteko

Ane Olaizola 2026ko otsailaren 19a

Maxixatzen euskara elkarteak antolatutako bertso saio bat Floreagan, artxiboko irudi batean.

Euskara elkartearen 30. urteurrenaren harira, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Eneritz Artetxe bertsolariek bertso saioa eskainiko dute Floreagako aretoan, 19:00etan. Sarrerak aurrez hartu daitezke. 

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak 30 urteko ibilbidea ospatuko du aurten, eta datorren larunbatean hasiko da horretan. Izan ere, urteurrena ospatzeko "puntako" bertso saioa antolatu du etzirako, eta Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Eneritz Artetxe azkoitiarrak igoko dira Floreaga ikastetxeko aretoko oholtza gainera, Amaia Ugalde gai jartzailearekin batera. 

Elkartearen arabera, 1999ko otsailaren 20an antolatu zuten bertso saio baten replika egin nahi izan dute larunbateko saiorako. Orduko hartan, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Jon Sarasua aritu ziren bertsotan, Laxaro Azkunek jarritako gaiei erantzunez.

19:00etan hasiko da bertso saioa, eta antolatzaileek adierazi dute oraindik badagoela lekua hara joateko. Erreserbak egiteko, maxixatzen@maxixatzen.eus helbide elektronikora edo 675 85 71 11 telefonora whatsapp mezua idatzi daiteke. Sarrera orokorrak 10 euro balio ditu, eta elkarteko bazkideek bost eurotan eskuratuko dute. Egunean bertan jaso ahalko dira sarrerak saioko leihatilan, eta erosteko aukera ere egongo da han.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide