Interes handia piztu du estimulazio kognitiboa lantzeko hitzaldiak

Ane Olaizola

Miren Etxeberria Group zentroko kideen hitzaldia, atzo. (Azkoitiko Babes Sarea)

Herritarrek goraino bete zuten Elkarguneko Oteiza aretoa atzo, Azkoitiko Babes Sarearen eskutik Miren Etxeberria Group osasun zentroko psikologoek eskaini zuten hitzaldian. Gaixotasun neurodegeneratiboren bat dutenentzat estimulazio kognitiboa lantzeak duen garrantzia azpimarratu zuten horiek. 

Azkoitiko Babes Sareak antolatutako azken hitzaldiak ere herritarren jakin-mina piztu du, eta horren erakusgarri da Elkarguneko Oteiza aretoak atzo arratsaldean hartu zuen itxura, herritarrek goraino bete baitzuten gela. Miren Etxeberria Group osasun zentroko psikologo diren Etxeberriak berak, Klara Zubizarretak eta Alazne Zendoiak eskaini zuten saioa, eta gaixotasun neurodegeneratiboren bat dutenentzat estimulazio kognitiboa lantzea zeinen garrantzitsua den azpimarratu zuten horiek. 

Hain zuzen, estimulazio kognitiboa nola landu daitekeen azaldu zuten psikologoek,  eta norbanakoak bere alderdi kognitiboa zain dezan, irizpide orokorrak nahiz zehatzak plazaratu zituzten. Lagungarri izan daitezkeen hainbat gomendio ere eman zituzten: egunero 10-15 minutuz estimulazio kognitiboa lantzea, emozioak azaleratzeko argazki zaharrak begiratzea, musika entzutea eta agenda bat jarraitzea, besteak beste. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide