Lilatoira joateko udalak antolatu duen autobusean lekua dago oraindik

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 18a

Iaz 35. aldiz egin zuten Donostiako Lilatoia. (Fotorunners.es)

Azkoitiko Udalak Donostiara joateko doako autobus zerbitzua du antolatuta, eta adierazi du oraindik lekua dagoela. Datorren asteazkenera arte eman daiteke izena Udaleko Kultura sailean.

Azkoitiko Udalaren Berdintasun arloak martxoaren 1ean Donostian jokatuko den 36. Lilatoira joateko autobusa du antolatuta. Erakundeak gaur, asteazkena, jakinarazi du oraindik lekua dagoela Donostiara autobusez bidaia egiteko. Zerbitzua doakoa da, baina soilik Donostiara joateko izango da; izan ere, autobus horrek ez du itzulerako zerbitzua eskainiko. 

Autobusean lekua gorde nahi duenak otsailak 25era arteko epea izango du. Horretarako, udaleko Kultura sailean eman beharko da izena, kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzita, edota, goizez, 943-85 71 70 telefonora deituta. Plaza kopurua "mugatua" da, eta eskaeren ordena errespetatuko du udalak lekua gordetzeko. "Ahalik eta emakume gehien lasterketan parte hartzera animatu" nahi ditu erakundeak.

Lasterketara joateko, Aizkibel liburutegiaren alboko geralekuan hartu beharko da autobusa, 08:30ean. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide