Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren Urola Erdiko fasea finalerdietan sartzear da. Hain zuzen ere, bihar izango da finalaren atariko lehen saioa Errezilgo Borondegi jatetxean, eta Azkoitiko Astuk Alineaute eta Azpeitiko Zaharrak Berri taldeak ariko dira nor baino nor.
20:30ean hasiko da bertso afari formatuan egingo duten hitzordua, eta Erniarraitz bertsozale elkarteak azaldu duenez, dagoeneko agortu dira saiorako txartel guztiak. Ikusmina piztu du, beraz, Azkoitiko eta Azpeitiko kanporaketak irabazi zituzten taldeen arteko demak.
Ikuskizun dago, baina, zein taldek lortuko duen martxoaren 13an Azpeitiko Charles Chaplin tabernan izango den finalerako txartela. Horietako bat biharko finalerdiaren garailea izango da, eta bestea, berriz, hurrengo ostiralean, otsailaren 27an, Aizpurutxoko Itziar tabernan izango den saioaren irabazlea.
Datorren asteko saioan Zestoako saioa irabazi zuen Erralla taldeko eta Azpeitiko saioan bigarren egin zuten Txemaizterrak taldeko bertsolariak ariko dira kantuan. Bertso afari formatuan egingo duten saio horretarako sarrerak eskuragarri daude oraindik ere.