Profesional mailako esku pilota partidak izango dira datorren zapatuan, hilak 21, Azkoitiko Gurea pilotalekuan (17:00). Jaialdi horretan egingo du debuta profesional mailan sustraiak Azkoitian dituen Beñat Zubizarreta Zubizarreta IV.a pilotari ataundarrak –aita Martirieta auzoko Zendoia baserrikoa du–.
Baiko enpresarekin arituko da hura aurrerantzean. Eguneko bigarren partidan egingo du debuta 20 urte dituen aurrelariak. Jon Ander Imaz atzelari oiartzuarra atzetik lagun duela arituko da ataundarra, eta arerio izango ditu Peio Etxeberria eta Iñigo Bikuña.
Zapatuko jaialdiari ekiteko, ordea, B Serieko binakako txapelketaren play-off-eko azken partida jokatuko dute aurrena. Batetik, Iker Salaberriak eta Andoni Gaskuek osatutako bikotea arituko da, eta bestetik, Unai Amianok eta Iosu Eskirozek osatutakoa. Gaur-gaurkoz, Jon Ander Peña-Ruben Salaverri, Dario Gomez-Carmelo Loza, eta Ander Murua-Arkaitz Gabirondo bikoteak daude finalerdietara sailkatuta. Hori hala, Azkoitian gailentzen den bikoteak lortuko du finalerdietarako azken txartela.
Sarrerak salgai
Pilota jaialdirako sarrerak salgai daude Entradas Fronton atarian; 25 eta 35 euro artean eskuratu daitezke horiek. Kantxako harmailako sarrerek 35 euro balio dute, eta goiko solairukoek nahiz errebotekoek 25 euro. Aurrez sarrera guztiak agortzen ez badira, egunean bertan ere erosi ahal izango dira Gureako leihatilan.