Motz gelditu zaio asteburua Anaitasunari, bai behintzat puntuei dagokienean. Emakumeen taldeak 1-3 galdu zuen zapatuan etxean, Txerloian, Barakaldoko (Bizkaia) Pauldarrak taldearen aurka, eta gizonek bana berdindu zuten Orioko (Gipuzkoa) Mendibeltz zelaian, Orioko taldearen aurka.
Urte hasiera ezin hobea eginagatik, Anaitasunako emakumeek bigarren porrota dute jarraian. Zapatuko partida, baina, zelaiaren egoerak baldintzatutakoa izan zen: lokatza eta putzuak nonahi, borroka estuko partida jokatu zuten Iñigo Oruesagasti Orue-k zuzendutako taldeak eta Pauldarrakek. Joko gutxi ikusi ahal izan zuten Txerloira bertaratu zirenek, bi taldeetako inork ez baitzuen lortu baloia bere jabetzan izatea. Ezinbestean, joko zuzena egin behar izan zuten Anaitasunak eta Pauldarrakek; aurkariaren bizkarrera eta luze jokatuta egin behar izan zuten futbola bi taldeek, eta hala iritsi zen gorritxoen aurreneko gola, 15. minutuan; Kalare Olaizolak lortu zuen bat eta hutsekoa egitea area ertzetik jaurtiketa paregabea eginda.
Partida joan etorrikoa bilakatu zen gerora. Lehen zatian aukera gutxi izan baziren ere, atsedenaldira iristeko bost minuturen faltan berdindu zuen lehia Barakaldoko taldeak; gorritxoek area ertzean galdutako baloia baliatu zuten bisitariek lehia orekatzeko. Banako emaitzarekin jo zuten hala bi taldeek aldageletara atseden hartzera.
Bigarren zatian ere aldaketa gutxi izan zen norgehiagokan. Anaitasuna aurkariaren ate ingurura iritsi, iristen zen, baina hura estuasun handietan jarri gabe. 54. minutuan, ordea, lehia aldatu zuen jokaldia iritsi zen; epaileak Pauldarraken aldeko penaltia adierazi zuen, eta bisitariek ez zuten hutsik egin 11 metrotatik. Saiatu zen gero Anaitasuna partida berdintzen, baina lerroak zabalduta, kanpoko taldeak lortu zuen garaipena ziurtatzea; 76. minutuan egin zuten Barakaldokoek arratsaldeko hirugarren gola.
Hala amaitu zen lehia. Gehiegizko zigorra jaso zuten gorritxoek bigarren sailkatuaren aurka. Sailkapeneko zazpigarren postuan jarraitzen du gaur-gaurkoz Anaitasunak, 31 punturekin. Datorren zapatuan, Bizkeneskak taldearen aurka jokatuko dute Oruerenek Getxoko (Bizkaia) Bolue zelaian. 18:30ean hasiko du Anaitasunak sailkapeneko azkenaren aurkako lehia.
Puntua, motz
Loren Barbadoren gizonen taldeak, bestalde, 1-1 berdindu zuen zapatu arratsaldean Orion. Eguraldiak, eta bereziki, haizeak markatutako partida jokatu zuten Oriokok eta Anaitasunak; asko eragin zuen haizeak jokoan. Aurreneko zatian, gorritxoek aurka izan zuten haizea, eta Barbadorenek ez zuten asmatu hala jokatzen, ezin izan zuten nahi zuten jokoa gauzatu. Kontrara, etxekoek haizea alde izan zuten, eta 26. minutuan hartu zuten aurrea markagailuan; Aimar Guembek atzera egindako pase batean bere atean egin zuen gola.
Bat eta hutseko emaitzarekin hartu zuten atsedenaldian aldageletarako bidea bi taldeek, eta handik bueltan, haizeak Anaitasunak eraso egin behar zuen aldera egin zuen bultza. Indartsu zelairatu ziren Barbadorenak, eta laster berdindu zuten dema; 48. minutuan, Jon Peñak egin zuen banakoa. Izan zituen gero ere Anaitasunak gol aukerak, baina sortutako abagune horietan ez zuten asmatu ate aurrean. Gainera, etxeko taldea jokalari bat gutxiagorekin gelditu zen azkeneko hogei minutu jokatzeko, baina Anaitasunak ez zion egoera horri ere etekinik atera.
Sailkapeneko bigarren postuan da Anaitasuna, 41 punturekin, Oiartzunekin berdinduta. Real Union liderra, berriz, zazpi puntura dute bi talde horiek. Datorren asteburuan, Mutriku taldearen aurka jokatuko dute Barbadorenek, Txerloian (17:00). Etxean sendo dabil Anaitasuna, eta Txerloian biderkatu beharko ditu etxetik kanpo batu gabe utzi dituen puntuak.