Saharar herriak duela 50 urte aldarrikatu zuen Saharar Errepublika Arabiar Demokratikoari (SEAD) atxikipena eta babesa adierazteko, Isilune Zirkulua egingo dute bihar, osteguna, herriko plazan (20:00). SEAD da saharar herriaren autodeterminazio-borondatearen egungo adierazpenik handiena; izan ere, 1976ko otsailaren 27an, Espainia Mendebaldeko Saharatik erretiratu eta hurrengo egunean, Fronte Polisarioak errepublika aldarrikatu zuen, Bir Lehlu hirian.
Ordutik, 80 herrialde baino gehiagok aitortu dute SEAD, nazioarteko zuzenbidean oinarritutako eskubide legitimo baten adierazle gisa. Egun, baina, SEADeko presidentea eta bere gobernuko kideak erbestean bizi dira, zehazki, errefuxiatuen kanpalekuetan. Ordea, SEADek presentzia instituzionala eta diplomatikoa du nazioartean: hogei herrialde baino gehiagotan ditu enbaxada eta misio diplomatikoak, eta Fronte Polisarioaren ordezkaritza bulegoak beste hainbat herrialdetan.
Bihar, saharar herriaren borroka legitimoa aitortzeko, hura babesteko eta nazioarteko komunitateari behin betiko konponbide justua eta iraunkorra eskatzeko elkartuko dira herriko plazan. "Herri txikien arteko elkartasunean eta justizian sinisten duen orori ostegunean plazara hurbiltzeko deia egiten diogu", azaldu dute Isilune Zirkuluko ordezkariek.