Inauteriak 2026

Mozorro koloretsuekin hasi dituzte inauteriak herrian

Iraia Oteiza 2026ko otsailaren 13a

Ikastetxeetako mozorro festarekin hasi dira aurten ere karnabalak Azkoitian. Eguraldi txarra medio arratsaldeko kalejira bertan behera geratu bada ere, festa izan da nagusi ikastetxeetan eta ondoren herriko frontoian egin duten dantzaldian.

Hasi dira aurtengo inauteriak Azkoitian ere. Eguraldiaren iragarpen txarra dela eta, aurtengoan ez dute kalejirarik egin ikastetxeetako haur zein gaztetxoek, baina gozatu ederra hartu dute eskoletan egin dituzten mozorro festetan eta ondorengo dantzaldian. Izan ere, ikastetxeetatik mozorrotuta atera diren haurretako asko Gurea pilotalekuan elkartu dira 17:15etik aurrera, Gauargi taldearen dantzaldiarekin karnabaletako aurreneko arratsaldeaz gozatzen jarraitzeko. 

Gauean, berriz, 21:30etik aurrera, 12 eta 17 urte arteko gazteei zuzendutako inauteri festa egingo dute Elkargunean; Xabi Fest DJak jarriko du musika, eta mozorro onenak sarituko dituzte bertan. 

Bihar, egun handia

Azkoitiko karnabaletako egun handia, ordea, biharkoa izango da. Eguerdian hasiko da festa giroa Txalkor txistulari taldearen, Azkoitiko Musika Bandaren, Bizkargi musika eskolako banda txikiaren eta Latuna Bando txarangaren kalejirekin. Arratsaldean eta iluntzean, berriz, Joselu Anaiak musika taldeak eskainiko du dantzaldia, eta udalak antolatutako mozorro lehiaketaren bueltan dozenaka talde aterako dira kalera beren mozorroak eta karrozak erakustera. Honako hemen biharko festa egitaraua:

  • 12:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira. 
  • 12:30. Azkoitiko Musika Bandaren eta Bizkargi eskolako banda txikiaren kalejira. 
  • 13:00. Latuna Bando txarangaren kalejira.
  • 18:30-21:00. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 19:00etatik aurrera. Mozorro eta ondoen apaindutako tabernen lehiaketen hasiera.
  • 21:00. Mozorro lehiaketako sari banaketa ekitaldia, herriko plazan.
  • 22:30-00:00. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, herriko plazan.

(Argazkiak: Iraia Oteiza, Floreaga, Xabier Munibe eta Bizilore)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide