Pala txapelketa antolatu du AGAk

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 13a

Goiko Losa frontoian jokatuko dituzte partidak ostegunetan eta ostiraletan. (Ane Olaizola)

Aurrenekoz jokatuko dute Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) antolatutako pala txapelketa. Otsailean eta martxoan zehar jokatuko dituzte partidak, ostegunetan eta ostiraletan. Izen ematea otsailaren 18an itxiko dute.

Azkoitiko Gazte Asanbladak (AGA) I. Pala Txapelketa antolatu du. Binakako modalitatean jokatuko dute txapelketa otsailean eta martxoan zehar, eta asanbladak zehaztu duen baldintza bakarra da bikote horiek mistoak izan beharko dutela. 

Txapelketa barruko partida guztiak ostegunez eta ostiralez jokatuko dituzte herriko plazan dagoen Goiko Losa pilotalekuan. Finala, berriz, martxoaren 14an, larunbatez, jokatuko dute. Hain justu, AGAk Kirol Egunak antolatu ditu asteburu horretarako, eta egun horien barruan jokatuko dute AGAren I. Pala Txapelketaren lehia nagusia. 

Izena emateko epea zabalik dute dagoeneko. Lehian parte hartzeko interesa dutenek gazte asanbladaren Instagram kontura (@azkoitiko_ga) zuzeneko mezu bat igorri beharko dute, parte hartzaileen izen-abizenak zehaztuz. Horretarako azken eguna hil honen 18a, asteazkena, izango da. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide