Etxez etxeko langileei %23 igoko dizkiete aurten soldatak

Ane Olaizola 2026ko otsailaren 12a

Azkoitiko etxez etxeko langileak, atzo, udaletxe aurrean. (ELA)

Azkoitiko Udalaren etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek hitzarmen berria sinatu dute hura kudeatzen duen Arreta enpresarekin, bi urtez negoziatu ostean.

Bi urteko negoziaketen ondoren, Azkoitiko etxez etxeko arreta zerbitzuko langileek hitzarmen berria sinatu dute, eta, ondorioz, arlo horretan lan egiten duten herriko 42 langileek azken urteetan aldarrikatu dituzten lan baldintza hobeak izango dituzte aurrerantzean; nabarmenena da soldatak %23,5 igoko dizkietela. Egindako "borrokaren" emaitza gisa, beharginak udaletxe aurrean bildu ziren atzo, "lortu dugu!" zioen pankartaren atzean.

Azkoitian, Arreta Zerbitzuak enpresak kudeatzen du udal zerbitzu hori 2022tik. Iazko urte amaieran luzatu egin zuen kontratua, une horretan enpresa eta langileak lan hitzarmena negoziatzen ari zirela eta, aurten zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko. Hain zuzen, luzapen aldi hori amaitzen denean eta pleguak berriz egitean, uztailean, sartuko da hitzarmen berria martxan, ELA sindikatuaren arabera –sindikatu horrek du zerbitzuan gehiengoa–. Ostera, 2029ko ekainaren 29ra arte egongo da indarrean.

2019tik eraikinetako garbitzaileen sektoreko hitzarmenaren pean egin izan dute lan Azkoitiko etxez etxeko laguntza zerbitzua ematen duten langileek, eta horrenbestez, "soldata taula oso baxuak" izan dituztela azpimarratu du ELAk; zehazki, lan egindako ordua 9,41 euro kobratzen zuten. "Gainera, Azkoitian arrakala handia zegoen, hitzarmena dugun beste herri batzuetan 13,52 euro kobratzen baitute lan berbera egiteagatik", gaineratu du sindikatuak.

Hitzarmena sinatuta, langileek %23,5eko igoera izango dute ordainsarian aurten; datorren urtean eta 2028an %5na gehiago jasoko dute; eta 2029ko aurreneko sei hilabeteetan, lizitazioa amaitu artean, beste %3,5 gehiago. Era berean, orain hitzarmena indarrean sartu bitartean, hau da uztailera bitartean, langileek %3,5 gehiago jasotzea adostu dute. Modu horretara, ordainsariak beste herriekin "parekatuta" geratuko dira aurrerantzean. Ildo horretan, soldatei zegokien orain arteko egoeraren berri eman du sindikatuak: "Lanaldi osoan ia 30 urte zeramatzaten Azkoitiko langileen ordainsariak ez ziren 1.400 eurora iristen. Orain, 1.800 eurora iritsiko dira. Ordea, kontuan hartu behar da langile gehienek kontratu partziala dutela".

Gaixotasun bajetan enpresak ordainduko duen zenbatekoan ere nabariko dute aldea langileek. Izan ere, ELAk adierazi du, orain arte, baja hartu ondorengo lehen hiru egunetan langileek ez zutela kobratzen, laugarren egunetik 21era soldataren %75 jasotzen zutela, eta ondorengo egunetan, %60. Orain, aldiz, urteko lehen baja osoa guztiz estalita izango dute ekonomikoki, eta ondorengo baja guztietan soldataren %80 poltsikoratuko dute, lehenengo egunetik hasita.

Era berean, gaueko lanaren plusa ere izango dute, orain arte ez bezala, baita distantziari dagokion aparteko diru saria ere. "Etxez etxe ibiltzen garenez, batetik bestera joaten denbora galtzen dugu. Etxe barruan lanean igarotzen dugun denboraren truke ordaintzen digute, eta orain arte, ez genuen jasotzen etxe batetik besterako denborari zegokiona. Orain beste plus bat lortu dugu; aurten, lanaldi osoko, 70 euro jasoko dugu distantziagatik".

Lanerako behar duten denbora ere bada langileek ezbaian jarri izan dutena, eta jarraitzen du aldarrikapenerako gai izaten. Izan ere, azpimarratu dute etxe bakoitzean "kalitatezko zerbitzua" emateko "denbora gutxi" izaten dutela, eta pazienteen egoerak asko baldintza dezakeela: "Pertsonekin ari gara lanean, eta pertsona batzuek ia ezin dute mugitu. Pertsona hori ohetik altxatu eta dutxatu behar duzunean, eta botikak eman behar dizkiozunean, horrek denbora eskatzen du. Zentzu horretan, ez gaituzte aintzat hartzen". ELAren arabera, etxez etxeko zerbitzuen kasuan lortu izan dute denborak egokitzea, baina egoitzen kasuan ratioak "zurrunagoak" dira.

"Presioaren ondorio"

Langileek Arreta Zerbitzuak enpresarekin sinatu dute hitzarmena, baina negoziazio garaian udalarekin ere bildu izan dira, zerbitzua udalarena delako. "Bilera batzuk udalarekin bakarrik egin ditugu, eta beste batzuetan hiru aldeok bildu gara. Arretak guri ekonomikoki ematen diguna eta udalak hari ematen dion diru partida lotuta daudenez, bi horiek ere beren artean hitz egin izan dute, ateak itxita".

Bide horretan, negoziaketak "oso gogorrak eta luzeak" izan direla salatu du ELAk, eta batez ere udalak etxez etxeko langileak "oso gutxi baloratu" dituela gaineratu du. "Izugarrikeriak entzun ditugu, eta asko kostatu zaigu haiekin bilerak lotzea. Gainera, udalarentzat 'asko' zen eskatzen ari ginena". Langileek eskatzen zuten "guztia" lortu dute azkenean, baina azpimarratu dute egindako "presioaren ondorio" izan dela.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide