Inauteriak 2026

Umeen desfilerik gabe ere, herria eraldatzera datoz inauteriak

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 12a

Iaz, Orioko balearen arrantza irudikatu zuten zenbait lagunek. (Andoni Elduaien)

Bihar, umeen txanda izango da, eta etzi, herritar guztiena. Eguraldi iragarpen kaskarraren ondorioz, bertan behera utzi dute ikastetxeetako umeen desfilea. Era berean, Gauargi taldearen dantzaldia herriko plazatik Gurea pilotalekura lekualdatu dute. Zapatuan, ordea, ordu askotako mozorro festa biziko du Azkoitiak kalean.

Neguaren ilunak oraindik kalean dirauen arren, bihar eta etzi kolorez, musikaz, dantzaz eta mozorroen magiaz beteko da herria. Iritsi dira inauteriak, eta haiek pizten duten sugarraren bueltan, herriari ukitu desberdina, dibertigarria, emateko aukera paregabea izango dute azkoitiarrek. Beste urte batez, herriko kaleak sormenaren erakusleiho bihurtuko dira.

Inauterietako egun nagusia zapatukoa izango bada ere, bihar hasiko dira inauteriak ospatzen Azkoitian. Nolanahi ere, eguraldiaren iragarpenak aldez aurreko hainbat erabaki hartzera behartu ditu antolatzaileak. Izan ere, euria dago iragarrita biharko, eta ondorioz, ostiral arratsaldez Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko kideek kalean egin ohi duten desfilea bertan behera utzi dute bi eskolek aho batez. Horren ordez, inauterietako festak ikastetxe barruan ospatuko dituzte eskolako irakasle zein ikasleek. Arrazoi beragatik lekualdatu dute Gauargi taldearen dantzaldia plazatik Gurea pilotalekura. 17:15ean hasiko da haien emanaldia, eta iluntzera bitartean girotuko dute frontoia.

Bihar gauean, berriz, Elkargunea bihurtuko da gaztetxoen topaleku. 21:30ean hasita, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzako disko festa eta mozorro lehiaketa egingo dituzte han. Xabi Fest DJ azkoitiarrak jarriko du musika, eta mozorro onena duten taldeak sarituko dituzte bertan. 

Zapatuan goizean goiz hasiko da festa, eta hala nahi dutenek, igande goizaldera arte izango dute jaia luzatzeko abagunea. Goizean, Txalkor txistulari taldearen (12:00etatik aurrera), Azkoitiko Musika Bandaren nahiz Bizkargi musika eskolako banda txikiaren (12:30etik aurrera) eta Latuna Bando txarangaren (13:00etatik aurrera) kalejirak izango dira. Arratsaldean, herriko plazan, Joselu Anaiak musika taldeak eskainiko du dantzaldia; aurreneko saioa 18:30etik 21:00etara egingo dute, eta bigarrena, 22:30etik gauerdira arte.

Ordea, arreta nagusia mozorrotutako lagun taldeek, familiek edota kuadrillek piztuko dute bihar. Izan ere, udalak antolatutako mozorro lehiaketaren bueltan, dozenaka talde aterako dira kalera beren mozorroak, karrozak, eta nola ez, askotariko ikuskizunak erakustera. 19:30etik 20:30era bitartean Plazaberriko 104 zenbakiaren paretik –Aldalur sastreria zegoen parea– igaro beharko dute talde guztiek, lehiaketako epaimahaiak ikuska ditzaten. Hori hala, mozorro festa Alde Zahar guztira zabalduko da bihar. Tabernak ere jai giroan murgilduko dira, haietako asko gai baten bueltan apainduta esnatuko dira-eta zapaturako. 

Gune morea

Zapatuan, era berean, Sexu-Bizi-Gune Morea zerbitzuko kideak eliz atarian egongo dira 21:30etik 00:30era bitartean. Gune horretan, besteak beste, sexualitatea nahiz harreman osasuntsuak sustatzea, eta prebentzioa modu integralean lantzea izango dute helburu. Informazioa eta aholkularitza eskainiko dituzte, eta eraso matxisten aurrean babeslekua da.

Egitaraua, osorik

Hona hemen bihar, ostirala, eta etzi, zapatua, Azkoitiko inauterietarako Azkoitiko Udalak prestatu duen egitaraua:

Bihar, ostirala: 

  • 17:15. Gauargi taldearekin dantzaldia, Gurea pilotalekuan.
  • 21:30-23:30. Disko festa eta mozorro lehiaketa Xabifest DJarekin, Elkargunean. Sariak banatuko dituzte.

Etzi, zapatua: 

  • 12:00. Txalkor txistulari taldearen kalejira. 
  • 12:30. Azkoitiko Musika Bandaren eta Bizkargi eskolako banda txikiaren kalejira. 
  • 13:00. Latuna Bando txarangaren kalejira.
  • 18:30-21:00. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, herriko plazan.
  • 19:00etatik aurrera. Mozorro eta ondoen apaindutako tabernen lehiaketen hasiera.
  • 21:00. Mozorro lehiaketako sari banaketa ekitaldia, herriko plazan.
  • 22:30-00:00. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia, herriko plazan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide