Ama begira zazu oholtzetara itzuli da. Elena Iruretak eta Kontxu Odriozolak idatzi, eta zumaiarrarekin eta azpeitiarrarekin batera Mikel Garmendiak eta Jose Ramon Soroizek 1980ko hamarkadaren bukaeran antzezten zuten obra mitikoa berreskuratu du Segurako (Gipuzkoa) Xirikara taldeak, eta joan den mendeko hartan Eneko Olasagastik betetako lana, zuzendariarena, hartu du Idoia Urangak (Azkoitia, 1972).
Hitanoa sustatzeko helburuarekin sortutako Zopa antzezlanaren bidez iritsi zen Uranga Xirikarara, 2023an. Herriko euskara elkartearen beka baliatuta, herri mailan aritutako antzerki talde amateurrak ordura arteko proiektu anbiziotsuenari heldu zion: Mirari Martiarenak idatzi zuen Zopa, eta Go!azen telesailean aktore zuzendari lan egiten duen Urangak zuzendu zuen antzezlana. Zopa hogeitik gora herritan aurkeztu ondoren, beste erronka berezi bat jarri diote beren buruei Segurako talde amateurrekoek Ama begira zazu-rekin, eta Urangarekin gauzatu dute berriro proiektua.
Taldearen hasiera oroitu, eta euskarazko antzerkigintzan beste edozein lanek ez bezalako arrakasta izan zuen hura omendu; biak uztartu nahi izan dituzte Segurako antzerkizaleek eta Urangak. Izan ere, 2014an Seguran antolatutako antzerki tailer batean elkartutako kideek ikasitakoa erakutsi nahi izan zuten 2015eko herriko jaietan, sanjoanetako egitarauari kulturatik eta umoretik ekarpena eginez, eta Ama begira zazu aukeratu zuten horretarako. Hura izan zen Xirikararen ernamuina. Harrezkero, pandemiaren etenera arte, urtero eman zuten antzerkilanen bat festetan. Eta pandemiaren ondoren martxa berreskuratzea "kostatu" bazitzaien ere, aurretik baino indartsuago eta taldeari Xirikara izena jarrita itzuli ziren, Zopa-rekin.
Betetako ametsa
Herriz herri eta auzoz auzo, Euskal Herriko bazter gehientsuenak zapaldu zituzten Iruretak, Odriozolak, Garmendiak eta Soroizek duela 36 urte pasa estreinatutako lana eskaintzeko. Urola Kostan ere emanaldi bat baino gehiago egin zituzten, horietako bat Azkoitiko Baztartxon. Han ikusi zuen Ama begira zazu originala Urangak, eta ondo gogoan du antzezlan hark nola eragin zion, Baztartxon bertan azaldu duenez: "Gozatu egin nuen, erabat. Gerora, urteetara, ETBn bota zutenean, VHS zinta batean grabatu nuen, eta ikusi, eta ikusi, eta ikusi... Halako eskarmentua zuten aktoreak hain natural, hain barregarri eta hain gertuko ikustea... Izaten da ba, asko-asko gustatzen zaizun zerbait ikusi eta 'nik hori egitea nahi dut' pentsatzen duzunean? 30 urte baino gehiago pasatu dira, baina egin, egin dut". Aspaldiko amets bat betetzeko ere balio izan dio azkoitiarrari, beraz, Xirikarakoen proiektua zuzentzeak.
Jatorrizko lanaren muina mantendu egin dute, baina taldearen neurrira zein gaur eguneko erregistroetara egokituta, Urangak azaldu duenez, "beti ere errespetutik eta jatorrizkoen lana ahalik eta gehien mantenduz". Jatorrizkoaren esketxak mantendu dituzte: jatetxe bateko langileen kontuak, mojen eta gotzainaren arteko ika-mikak, harri jasotzaile baten ezinezko entrenamendua, neskazahar parearen etxean atea jotzen duen Jehovaren testiguaren komeriak, Torremolinosen uda pasa dagoen bikotearen ibilerak eta Euskal Telebistako kazetari bati kaleko inkesta bat egin nahian gertatzen zaizkionak. Baina esketxen ordena aldatu egin dute, eta aktore kopurua bikoiztu: jatorrizkoan lau aktorek jokatzen zituzten rol guztiak, eta Xirikararen lanean zortzik parte hartzen dute. "Originalean ez bezala, esketx batetik bestera ez dugu bakarrizketarik egiten; jarraikortasun gehiago dago esketx batetik bestera, ikuskizunak erritmo gehiago izan dezan. Horregatik, esketxen ordena aldatu dugu, pixka bat gure erara moldatzeko eta arropa, atrezzoa edota dekoratuak aldatzeko asti gehiago izateko", azaldu du Urangak. Bestalde, testuan "gutxieneko" aldaketa edo moldaketa batzuk ere egin ditu Urangak berak: "30 urtetik gora dira lehengoa estreinatu zutela, eta orduko gizartean onargarriak ziren gauza batzuk ezin dira gaur egun onartu".
2026a, biran
Iazko ekainaren 22an, hamar urte lehenago bezala baina "baliabide gehiagorekin" –Iban Izagirre azpeitiarrak sortutako eszenografiarekin, besteak beste–, Segurako sanjoanetan estreinatu zuen Xirikarak Ama begira zazu-ren "omenezko" lana; egun berean, gainera, Euskaraldiko Zutabe saria jaso zuen Xirikarak Zopa-gatik.
Joan den udazkenean Goierriko beste hainbat herritan ere taularatu zuten Segurakoek antzezlana, eta 2026an zehar birarekin jarraitzeko gogoz daude. "Herri eta udal askotara bidali dugu antzerkiaren txostena, ea eskaintzak iristen diren", dio Urangak. Ama begira zazu izena bera emanaldiak lotzeko zein ikusleak erakartzeko amua izan daitekeela onartu du Urangak, baina baita taldearentzat erantzukizun berezia ere. "Adin jakin batetik gorako mundu guztiak ezagutzen duen lana da, jende askori oroitzapen oso onak pizten dizkiona". Hain zuzen ere, orain arteko emanaldietan antzeman du Urangak jatorrizkoa ikusi zuen jendearengan lortu dutela orduko sentipenak piztea; "deigarria" egin zaio, era berean, "ikusle gazteak ere" erakarri dituztela.
Momentuz, Urola Kostan ez dute datarik itxita, baina eskualdean aritzeko gogorik ez zaio falta zuzendariari: "Baztartxora bertara, adibidez, gustura etorriko ginateke".
Elena Iruretaren onespenarekin
Proiektua martxan jarri aurretik, Elena Iruretarekin harremanetan jarri zen Idoia Uranga, Ama begira zazu-ren egile eta protagonista izandakoarekin, alegia. "Lasai eta luze hitz egin genuen. Azaldu nizkion gure proiektua eta asmoak, eta hunkitu egiten zen bera, antzezlan horrekin bizi izan zituzten momentu onak gogora etortzen zitzaizkiolako", kontatu du zuzendari azkoitiarrak.
Jatorrizko testua gaur egungo errealitatera moldatzeko "aldaketa txikiak" egiteko "baimena" ere eskatu zion Urangak zumaiarrari. Eta haren onespenarekin egin ditu egin beharreko moldaketak. "Ez dit inongo eragozpenik jarri", nabarmendu du azkoitiarrak.