Inauteriak 2026

Bihar amaituko da inauterietako mozorro lehiaketetan izena emateko epea

Aroa Zamora 2026ko otsailaren 12a

Iazko inauterietan mozorro originalak jantzita atera ziren herritarrak kalera. (Andoni Elduaien)

Bihar, ostirala, itxiko da udalak antolatutako banakako nahiz taldekako mozorroen eta tabernen lehiaketetan parte hartzeko izen ematea. Partaideek Plazaberritik igaro beharko dute, epaimahaiak ikuska ditzan. 

Bihar, hilaren 13an, amaituko da Azkoitiko Udalak antolatutako inauterietako mozorro lehiaketetan izena emateko epea. Udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan edo erregistro elektroniko bidez eman daiteke izena; udaletxeko bulegoa 07:30etik 15:30era egon ohi da zabalik, astelehenetik ostiralera. Nolanahi ere, 16 urte edo gehiago izan behar dira lehiaketan parte hartzeko. 

Zapatuan ospatuko du Azkoitiak inauterietako egun nagusia, eta orduan egingo dituzte mozorro lehiaketak. Aurten, iaz bezala, partaideek Plazaberriko Kale Nagusia 104 zenbakiaren paretik –Aldalur sastreria zenaren aurretik– igaro beharko dute. Epaimahaiko kideak han egongo dira parte-hartzaileen mozorroak ikuskatzen, 19:30etik 20:30era bitartean. Apaindutako eta dekoratutako tabernak ikustera, berriz, 19:00etatik aurrera igaroko dira. 

Sari banaketa herriko plazan jarritako oholtzan egingo dute, 21:00etan. Urtero bezala, sariak bi kategoriatan banatuko dituzte: talde txikiena (gehienez sei lagun) eta talde handiena (sei lagunetik gora). Kategoria bakoitzak, berriz, hiru sari izango ditu. Talde txikien artean, irabazleei 300 euro emango dizkiete, 200 euro bigarren taldeari eta 150 euro hirugarrenari. Talde handien kasuan, 600, 500 eta 400 euroko sariak jasoko dituzte podiumean lekua lortzen duten hiru taldeek, hurrenez hurren. Ondoen apaindutako tabernak, berriz, 200 euroko saria irabaziko du. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide