Baztartxo antzokian bi film eskainiko dituzte datozen egunetan. Bata haurrei zuzendutakoa izango da: Ochiren legenda. Euskaraz emango dute igande arratsaldean, 17:00etan. Bestea, berriz, helduei zuzendutako Aida y vuelta filma izango da, eta lan hori igandean eta astelehenean, ikuslearen egunean, ikusi ahal izango da, 19:30ean eta 20:00etan, hurrenez hurren.
Ochiren legenda filmak Yuriren istorioa kontatzen du: Carpatia irlako herrixka batean, Yuri nekazari lotsatia ochi animalia baten beldur hezi dute, baina protagonistak ikusten duenean zauritutako ochi kume bat abandonatu dutela, etxera itzultzeko misioa hasiko du.
Aida y vuelta filma, berriz, Aida telesailaren atal batean kokatzen da. Fikziozko lanak Aida telesaileko pertsonaiak, aktoreak zein harremanak bildu ditu, eta besteak beste, umorearen mugez, umoregileen lanaz eta famaz hausnartzen du.