Etxean, aurkaririk ez

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 9a

Gorritxoak gol bat ospatzen. (Anaitasuna)

Loren Barbadoren taldeak 3-0 menderatu zuen atzo arratsaldean Urola, Txerloian. Etxean jokatutako hamar partidatatik bederatzi irabazi eta bat berdindu ditu Anaitasunako gizonen taldeak egungo sasoian. Emakumeek, bestalde, 4-3 galdu zuten Bilbao Artizarrak taldekoen aurka, Bilbon.

Txerloira joan ohi diren futbol zaleek futbola ikusten dute, futbola garaipenetan biderkatuta. Atzo, igandea, beste neurketa borobil bat osatu zuen Anaitasunaren gizonen taldeak etxean, eta denboraldiko 11. garaipena eskuratu zuen, Zumarragako (Gipuzkoa) Urola taldeari 3-0 irabazita. Denboraldia bere faserik garrantzitsuenean sartu denean, inolako ezbairik gabe, Anaitasuna sasoiko martxarik onenean da.

Jokoaren ekimena gorritxoena izan zen lehen zatian. Zumarragakoak estrategia garbiarekin zelairatu ziren: beren area ingurua ondo babestera eta kontraerasora irtetera. Ordea, Anaitasunak baloia alde batetik bestera mugitzea, erritmo bizian jokatzea, erabaki zuen, baita lortu ere. Bisitariek ondo korapilatutako espazioak askatzea lortu zuten hala gorritxoek.

Maila ona erakutsi zuen Loren Barbadoren taldeak baloiarekin, eta hala lortu zuen arratsaldeko lehen gola. Zelaiaren eskuin aldetik josi zuen taldeak jokaldia, eta Aimar Guembek area ertzetik erdiratuta, Oihan Etxanizek lortu zuen buruz bat eta hutsekoa egitea, 30. minutuan. Aldea bikoizteko beste abaguneren bat ere izan zuen Etxanizek, baina atsedenaldira gol bakarreko aldearekin jo zuten bi taldeek. 

Urolak protagonismoa irabazi nahi izan zuen aldageletatik bueltan, eta baloia oinetan hartuta, Anaitasuna atxikitzen saiatu zen. Gorritxoei egokitu zitzaien, une batez, lerroak biltzea eta beren zelaian pilatzea. Baloia bai, baloia bisitariek izan zuten oinetan aurreneko hamabost-bat minutuetan, baina haiek ez ziren ailegatu Azkoitikoen atea arriskuan jartzera.

Gorabehera eta zalantza uneak atzean utzita, partida unerik kritikoenean zegoenean, egin zuen Anaitasunak bigarren gola; Jon Peña aurrelariak egin zuen bi eta hutsekoa, 70. minutuan. Partida azken segundoetara arrimatuta zegoenean, berriz, 89. minutuan, borobildu zuen arratsaldea taldeak; Aritz Albizurik egin zuen gorritxoen hirugarrena, Aimar Guemberen beste pase bat aprobetxatuta. 

40 punturekin, sailkapeneko bigarren postuan jarraitzen du Anaitasunak, Real Union liderrak baino bost puntu gutxiagorekin, eta hirugarren sailkatua den Oiartzunek baino bi puntu gehiagorekin. Datorren zapatuan, Orioko Mendibeltz zelaian jokatuko dute Barbadorenek, Orioko taldearen aurka (17:00). 

Agur bolada onari

Emakumeen taldeari, bestalde, atzo amaitu zitzaion azken asteetako bolada ona. 4-3 galdu zuten Iñigo Oruesagasti Orue-renek Bilbao Artizarrak taldekoen aurka, Bilboko San Ignacio zelaian. Partidari kaskar ekin zioten gorritxoek, baina etxekoen opari bat jasota, markagailuan aurretik jarri zen Anaitasuna. Bilbokoek atzera egindako pase oker bat lapurtu zuen Ane Arrizabalaga Arri-k. Hark atezaina atzean utzi zuen aurrena, eta segidan lortu zuen gola egitea, 6. minutuan. Nahiz eta irabazten hasi, Anaitasuna ez zegoen argi zelaian, eta etxekoek laster berdindu zuten lehia.

Anaitasuna bere jokoa aurkitu nahian ari zen berdegunean, baina Bilbokoen area inguruan zitala izaten jarraitzen zuen. 24. minutuan, area ertzeko jokaldi batean, Maria Juaristik jaso zuen etxekoek egindako aldaratzea, eta aurrelariak sekulako gola sartu zuen, baloia atezainaren gainetik loratuta. Gorritxoen gol horrekin, ordea, guztiz esnatu ziren etxekoak, eta 33. minutuan binakoa egin zuten haiek. Gola jaso ahala egin zuen Anaitasunak, eta ondorengo minutuetan ere partidak bere arrarotasunari eutsi zion. Bi minutura Arrik berriro aurretik jarri zuen Anaitasuna; area barruan baloia jaso, eta sareetara bidali zuen hark. Atsedenaldirako bost minuturen faltan, ordea, etxekoek hirunakoa egin zuten.

Bigarren zatiari hobeto ekin zion Anaitasunak, eta berriro markagailuan aurrea hartzeko lauzpabost abagune on ere izan zituen taldeak. Gorritxoek barkatu egin zuten ate aurrean, baina ez etxekoek; 66. minutuan egin zuten laugarren gola Bilbokoek. Azken ordu erdian saiatu ziren gorritxoak lehia aztoratzen, baina ez zuten puntua batzeko golik egin.

Azkenean, 4-3 amaitu zen lehia San Ignacio zelaian. 31 punturekin sailkapeneko zazpigarrena da orain Anaitasuna. Datorren asteburuan, sailkapeneko bigarrena den Barakaldoko (Bizkaia) Pauldarrak taldearekin neurtuko dituzte indarrak Oruerenek. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide