Anaitasuna mendi bazkunak Pirinioetako urteko lehen irteera egin du asteburuan, eta hango elurtutako parajeez gozatzeko aukera izan dute txangoan parte hartu duten hamasei lagunek.
Elur erraketekin ibiltzeko zein mendiko eskia praktikatzeko aukera izan dute mendizaleek bi egunez, baina antolatzaileek hasierako aurreikuspenak moldatu egin behar izan dituzte, eguraldiagatik eta elur jausi arriskuagatik. Izan ere, 2.000 metrotik gora elauso arrisku "oso altua" zegoela adierazi du Anaitasunak, eta horregatik, ordezko ibilbide batzuk gauzatu dituzte: larunbatean, oinezkoak Ibon de Piedrafitara joan ziren, eta eskiatzaileak Panticosa estazioan ibili ziren. Atzo, berriz, Cotefablo tuneletik Pico Ronatara joan zen talde osoa. Hasiera batean, Pelopin mendira ziren igotzekoak, baina lainoek ikusgarritasuna kentzen zutela eta, planez aldatu zuten.
(Argazkiak: Anaitasuna mendi bazkuna)