Biele ISBk uxatu ditu asterik beltzenak. Lau astez garaipenik pilatu gabe egon eta gero, atzo, igandea, denboraldiko 11. garaipena eskuratu zuen Iñigo Nuñezek zuzentzen duen taldeak. 80-79 irabazi zuten otsoek Azpeitiko kiroldegian, Logroñoko (Espainia) Reina Proteinas Clavijo taldearen aurka. Estu eta larri, baina balio handiko garrantzia duen garaipena eskuratu zuten Azkoiti-Azpeitikoek.
Oker ekin zion Biele ISBk partidari. Logroñokoek; izan ere, ohartzerako bisitariek alde handia hartu zuten markagailuan. Kanpokoek kontrolpean izan zuten une oro lehia, baina ISBk lortu zuen, gutxienez, arerioari eustea, haiei ihes egiten ez uztea (16-24). Ildo beretik hasi zuten bigarren laurdena bi taldeek. Logroñokoak otsoak baino erosoago ikusten ziren kantxan. Nolanahi ere, atsedenaldirako minutu gutxiren faltan lehia irauli zuen etxeko taldeak. 14-2 partzialari esker, aurretik jarri zen Biele ISB, eta aurretik itxi zuten lehen zatia (45-42).
Ekimen handiarekin kantxaratu zen ISB hirugarren laurdenera, eta kantxan ere nagusi izan zen. Uneren batean bazirudien Nuñezenek lehiaren balantza hautsiko zutela, baina play-off postuengatik borroka egiten ari den Logroñoko taldeak hortzak estutu zituen; sei puntuko gorabeherarekin agortu zen hirugarren laurdeneko denbora (64-58). Azken laurdenean, berriz, berdintzera egin zuen lehiak. Bisitariek bazekiten jokoan zuten puntuak berebiziko garrantzia zuela, eta biek gogor borrokatu zuten garaipenagatik. Biele ISBk zazpi puntura eraman zuen aldea laurdenaren lehen minutuetan, baina Logroñokoak binaka batzen hasi ziren, eta neurketako aginte makila hartu zuten (72-74). Jaurtiketa libreen lerrotik berdindu zuen segituan Nuñezen taldeak, eta hiruko saskiratze batekin hautsi oreka; garaipena lortzeko giltzarria izan zen etxekoek lortutako azken hiruko saskiratzea. Azken segundoak estu bezain larri igaro zituzten otsoek, baina zaleen laguntzarekin lortu zuten garaipena.
Ierai Aizpitarte izan zen Azkoiti-Azpeitikoen artean onena. Joko antolatzaile azpeitiarrak 22 puntu saskiratu zituen, 17 puntuko balorazioa eskuratzeko. Garaipena erdietsita, sailkapeneko laugarren postuan da orain Biele ISB, 11 garaipenekin. Datorren asteburuan, arerio zuzen baten etxean arituko dira Nuñezenak; igandean, 12:00etan, Coto Cordoba CB taldearekin neurtuko dituzte indarrak –garaipen bat gehiago du Cordobako (Espainia) taldeak, partida bat gutxiago jokatuta–.
Emakumeek, huts
Luis Agirrek zuzentzen duen Domusa Teknik ISBk, bestalde, galdu egin zuen zapatuan, Azkoitiko kiroldegian. 62-67 irabazi zion Cajasol Baloncesto Sevilla taldeak ISBri. Partida parekatuta hasi zuten; bi taldeek saskiratzeak trukatu zituzten lehen minutuetan, baina balantzak alde batera egin, eta lehen laurdena etxekoen aldera erori zen (20-18).
Sevillakoek (Espainia), ordea, aurrerapausoa eman zuten bigarren laurdenean; defentsa doitu zuten haiek, eta erasoan arintasun handiagoarekin aritu ziren. Egindako urrats horri esker, 9-20ko partziala lortu zuten bisitariek, eta atsedenaldira abantaila ederrarekin joan ziren (29-38).
Aldageletatik igaro ondoren etorri zen Domusa Teknik ISBren erreakzioa. Azkoiti-Azpeitikoek beren erritmoa ezarri zuten kantxan, nola erasoan, hala defentsan. Bide horri jarraituta, markagailua estutzeko gai izan ziren Agirrerenak (48-50). Azken laurdenean, Sevillakoak partidan oso sartuta aritu ziren, eta ISBk hirugarren laurdeneko bidea galdu zuen. Azken minutuak estu joan ziren, baina, azkenean, garaipena eskuratzeko besteko partziala lortu zuten bisitariek.
Elodie Lalotte izan zen ISBko onena zapatuan. 13 puntu saskiratu zituen hark, 17 puntuko balorazioa lortzeko. Porrotarekin zertxobait urrunago dituzte ISBkoek play-offak; gaur-gaurkoz, bederatzigarrenak dira, zortzi garaipenekin. Asteburuan, Palmara (Herrialde Katalanak) egin beharko dute bisita otsoek, Azulmarino Palma Mallorcaren aurka jokatzeko (20:30). Arerio zaila izango dute aurrean Agirrerenek; izan ere, orain arte jokatutako hemeretzi partidatan hemezortzi garaipen eskuratu ditu Palmako taldeak. Ezustekoa ematen saiatuko dira otsoak liderraren etxean.

ISBren zozketa
ISBk, bestalde, gizonen atzoko partidan egin zuen 2026ko zozketa. 15.966 da Azkoiti-Azpeitiko saskibaloi taldeak antolatutako aurtengo zozketaren zenbaki saritua. Zenbaki horren jabeak bi lagunentzako astebeteko bidaia irabazi du New Yorkera, baita NBAko partida bat zuzenean ikusteko aukera ere. Nolanahi ere, erreserbako zenbakiak ere atera zituzten atzo, badaezpada. 17.612 zenbakia da erreserbako lehen zenbakia, eta 31.874 zenbakia bigarrena.
Zenbaki sarituaren jabeak otsailaren 23ra arteko epea izango du saria eskatzeko. Horretarako, 688 65 71 19 telefono zenbakira deitu beharko du edo Azpeitiko kiroldegiko klubeko bulegora joan, zenbaki saritua aurkeztera. Era berean, ISBk erreserba zenbakien jabeei eskatu die klubarekin harremanetan jartzeko.