Aizkolarien eta harri-jasotzaileen jaialdiak hartu du Gurea pilotalekua

Ane Olaizola 2026ko otsailaren 8a

Kirol Herri txapelketaren jardunaldietako bat jokatu zuten atzo arratsaldean Gurea frontoian. Aizkolarien artean, Txikia IV.a azkoitiarra eta Nerea Arruti nagusitu ziren, eta harri jasotzen, Ainitze Zumeta eta Mikel Lopetegi Urra

Kirol Herri txapelketaren kanporaketa bat jokatu zuten atzo arratsaldean Azkoitian, eta dozenaka zaleren aurrean lehiatu ziren Gurea pilotalekuan aizkolariak zein harri-jasotzaileak. Tartean, Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra izan zen lehian, eta hain zuzen, gizonetan hura geratu zen lehenengo postuan. Horrenbestez, finalerdietara sailkatu da azkoitiarra. 

Aizkolarietan, Txikia IV.a, Mikel Larrañaga, Arkaitz Etxebeste eta Xuban Kañamares aritu ziren gizonen mailan lehian. Lau aizkolari horiek 45 ontzako enbor bat zutik eta 54 ontzako hiru enbor etzanda ebaki behar izan zituzten, eta azkoitiarrak zazpi minutu eta 55 segundoan amaitu zituen lanak, bigarren sailkatu zen Etxebeste baino hiru segundo gutxiagoan. Hirugarren sailkatu zen Larrañaga (9.26), eta laugarren Kañamares (10.58). Azkoitiko saioan denbora onena egin zuten hiru aizkolariek lortu zuten finalerdietarako txartela. 

Emakumeetan, berriz, Nerea Arruti, Irati Astondoa eta Uxue Ansorregi aritu zuren nor baino nor, eta haiek 45 ontzako eta 54 ontzako enbor bana moztu zituzten. Arruti nagusitu zen zazpi minutu eta 16 segundoan lanak amaituta, eta hamahiru segundora bukatu zituen bereak Ansorregik. Astondoak, aldiz, 9.29 denbora egin zuen. Haien kasuan, Arrutik zuzenean finalerako txartela lortu zuen, eta Astondoak zein Ansorregik bigarren aukera bat izango dute finalerdian. 

Harri jasotzen, bestalde, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga, Mikel Lopetegi Urra eta Beñat Telleria lehiatu ziren. Zumetak eta Gesalagak 75 kiloko zilindroarekin nahiz kubikoarekin eta 62,5 kiloko bolarekin egin zuten lan, eta aurrenekoa nagusitu zen, guztira 3.912,5 kilo altxatuta; Gesalagak, berriz, 3.637,5 kilo jaso zituen denera. 

Urrak eta Telleriak, berriz, 150 kiloko kopa, 137,5 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola altxatu beharko izan zituzten, eta Urrak irabazi zuen saioa, 5.800 kilo altxatuta; Telleriak, berriz, 5.500 kilo jaso zituen atzo. Harri jasotzaileen kasuan, berriz, txapelketan emaitza onenak egiten dituzten hiru kirolariak igaroko dira finalera. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide