Gutuna

Basoko urak direla eta

Gurutz Garmendia 2026ko otsailaren 6a

Uxer ingurua. (Andoni Elduaien)

Gurutz Garmendia Sustraiak Bizirik taldeko kideak basoko uren inguruan idatzitako gutuna da honako hau:

Gaur arratsaldean Uxer inguruan eman dut paseotxoa eta bi motatako emozioak izan ditut. Ezkerreko bidetik joan naizenean zuhaitzak falta ziren, goiko aldean txikizioa egin dute pinu mozketak eraginda ,eta nola ez, zaborra zegoen erreka ondoan. Ez garagardo lataren bat jarlekuan, erreka ondoan lagatako zaku itsusiak baizik. Bospasei zeuden, eta ondoan, berriz, bestelako narraskeriak. Han ikusitakoak amorrua eta tristura eragin dizkit. Ez dut uste errudunak aurkitzen hasi behar dugunik, baina bai ardurak hartzen. Besterik ez, ardurak hartzea baino, ez gehiago eta ez gutxiago.

Bestalde, ostean eskubiko aldetik joan naiz, eta han, berriz, bikain. Baratzeak bere tokian eta behorrak zelaian jolasean, ikuskizun bikaina etxe ondoan. Baina ez hori bakarrik, behorrek lagatako lokatza lurrean putzua eginda zegoen eta bertan ahate taldea jatekoaren bila. Poza eman dit Amalurrari aukera txikiena ematen diogunean nola garatzen den ikusteak: tokia gozatuz, edertuz eta xarma berezia sortuz.

Bietariko sentipenak izan ditut, beraz. Ezer berririk ez. Zaborrak bere garaian ondo desegingo ziren seguraski. Zaborra eta basoko urak beraiek bakarrik konpostatuko ziren garai batean metatzen ziren tokian, baina gaur egun ez dago horrelakorik, denok ondo dakigun bezala. Beraz, har ditzagun neurriak lehenbailehen.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide