Auzolanari ekin aurretik, ikasleak aritu dira Floreagan urmaela prestatzeko lanetan

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 5a

Ikasleak, gaur, Aranzadikoen azalpenak entzuten. (Udala)

Ikasleak aritu dira gaur urmaela eraikitzeko lanak aurreratzen Floreagan. Bihar arratsaldean, berriz, auzolanean sortuko dute urmaela. Parte hartu nahi duenarentzako hitzordua 17:00etan jarri dute Floreagan eraiki duten azken igogailuaren parean.

Azkoitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak deituta, auzolanean sortuko dute urmael didaktikoa bihar, ostirala, Floreaga auzoko baso-eremuan. Biharko lanak aurreratzen aritu dira, baina, gaur, osteguna, Floreaga Ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako eta Azkoitia BHIko zenbait ikasle. Auzolanaren bidez, degradatutako eremu hori "berroneratzea" eta azpiegitura berdeak "hobetzea" ditu helburu udalak, herritarrei "arnasgune berdea" eskainiz. 

Biodibertsitatea zaintzearen aldeko kontzientziazioa eta sentsibilizazioa ardatz duen auzolana egingo dute bihar eremu horretan, Hezeguneen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta. Parte hartu nahi duten herritarrek Floreaga auzoan eraiki duten azken igogailuaren parera, Floreaga Berri kalearen amaierara, azaldu beharko dute 17:00etarako. 18:30era bitartean jardungo dute urmaela sortzeko auzolanean.

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide