Gaur, osteguna, itxiko da Azkoitiko Udalaren aurrekontu parte hartzaileen bozketa fasea. Azkoitiarrek urtarrilaren 22az geroztik izan dute fase horretara iritsi diren proposamenetako batzuen aldeko botoa emateko aukera. Udalak, guztira, 300.000 euro bideratuko ditu parte hartze prozesuan boto gehien jaso dituzten proposamenak eta proiektuak gauzatzera.
Herritarrek botoa fisikoki zen digitalki emateko aukera dute: udaletxean, Elkargunean eta Aizkibel liburutegian dauden postontzietan eman daiteke botoa, baina, baita Interneten ere, lotura honetako galdetegia betea. Herrian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek dute bozkatzeko aukera.
Bi multzotan banatuta dauden 23 ekarpenen artean egin beharko dute aukeraketa herritarrek. Zerrenda batean 18.000 eurora arteko aurrekontua duten hamahiru ekintza jaso dituzte, eta bestean, 18.000 eta 250.000 euro arteko aurrekontua duten beste hamar. Herritarrek, zerrenda bakoitzean gehienez hiru proposamen bozkatu ahal izango dituzte.
Udalak 300.000 eurotik 50.000 euro erabiliko ditu 18.000 eurotik beherako "proiektu txikiak" gauzatzeko, eta gainontzeko 250.000 euroak aurrekontu handiagoko ekimenentzat izango dira.