Floreaga parkean urmaela sortzen laguntzeko deia egin dute udalak eta Aranzadik

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 3a

Bizilore eskolan dagoen urmaela. (Argazkia: Eskoletako Urmaelen Sarea)

Ostegunean eskoletako haurrek egingo dituzte aurreneko lanak. Ostiralean, berriz, herritarrei zabaldu diete auzolanerako deialdia. 17:00etatik 18:30era arituko dira urmaela sortzeko lanetan. 

Azkoitiko Udalak eta Aranzadi zientzia elkarteak elkarlanean Floreaga parkean urmael didaktikoa sortzeko auzolanerako deia egin dute. Hezeguneen Nazioarteko Eguna tarteko, biodibertsitatea zaintzearen aldeko kontzientziazio eta sentsibilizazio ekimena antolatu dute ostiralerako.

Auzolanerako deia ikastetxeei eta herritarrei luzatu diete bi erakundeek. Floreaga Ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako eta Azkoitia BHIko ikasle taldeek ostegunean ekingo diete lanei, eta herritarrek ostiralean izango dute horretarako aukera. Parte hartu nahi duten herritarrek Floreaga auzoan eraiki duten azken igogailuaren parera, Floreaga Berri kalearen amaierara, azaldu beharko dute 17:00etarako. 18:30era bitartean jardungo dute urmaela sortzeko auzolanean.

Udalak azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Azpiegitura Berdea Sarea laguntza-programaren barruan ari da Floreagako baso-eremua berreskuratzeko eta natura-gune bihurtzeko lanetan. "Helburua da degradatutako eremua berroneratzea eta azpiegitura berdeak hobetzea, herritarrei arnasgune berdea eskainiz. Lanketa horien baitan sartzen da urmaela", adierazi du erakundeak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide