Donostiako Lilatoira joateko autobusa antolatu du udalak

Andoni Elduaien 2026ko otsailaren 3a

Iaz 35. aldiz egin zuten Donostiako Lilatoia. (Fotorunners.es)

Martxoaren 1ean, igandez, jokatuko dute lasterketa hori Donostian, eta Azkoitiko Udalak hara joateko doako autobus zerbitzua eskainiko du. Udaleko Kultura sailean eman daiteke izena hilaren 25era arte.

Udalak Donostiako Lilatoira joateko autobusa antolatu du. Martxoaren 1ean, igandez, jokatuko da 36. Lilatoia, eta erakundearen Berdintasun sailak sustatuta, Donostiara joateko garraio zerbitzua antolatu du. Udalak azaldu duenez, "ahalik eta emakume gehien lasterketan parte hartzera animatzea" da helburua.

Hori hala, Xabier Munibe kaleko, Aizkibel liburutegiaren alboko, geralekuan hartu beharko da autobusa 08:30ean lasterketa egunean. Autobus zerbitzua doakoa da, baina soilik Donostiara joateko izango da; udalak antolatutako autobus horrek ez du itzulerako zerbitzua eskainiko.

Autobuserako plaza gorde nahi duenak, udaleko Kultura sailean eman beharko du izena kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzita edota, goizez, 943-85 71 70 telefonora deituta. Autobuserako izena emateko azken eguna otsailaren 25a izango da. Plaza kopurua "mugatua" dela aurreratu du udalak, eta eskaeren ordena errespetatuko dutela autobuseko plazak bete arte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide