Datorren zapatuan, hilak 7, herri kirol saioa izango da Gurea pilotalekuan. Hain justu, Kirol Herri txapelketaren bakarkako probak izango dira ikusgai herriko frontoian, 17:00etatik aurrera. Aizkolarien zein harri-jasotzaileen, gizonen nahiz emakumeen lanek osatuko dute jaialdia, eta hura ikusi nahi dutenek 5 euro ordaindu beharko dute sarrera Gureako leihatilan.
Aizkoran, gizonetan, Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolari azkoitiarra, Mikel Larrañaga, Arkaitz Etxebeste eta Xuban Kañamares ariko dira lehian. Lau aizkolari horiek 45 ontzako enbor bat zutik eta 54 ontzako hiru enbor etzanda ebaki beharko dituzte. Emakumeetan, berriz, Nerea Arruti, Irati Astondoa eta Uxue Ansorregi ariko dira lehian, eta haiek 45 ontzako eta 54 ontzako enbor bana moztu beharko dute.
Harri jasotzen, bestalde, Ainitze Zumeta, Maddi Gesalaga, Mikel Lopetegi Urra eta Beñat Telleria ariko dira proban. Zumetak eta Gesalagak 75 kiloko zilindroarekin nahiz kubikoarekin eta 62,5 kiloko bolarekin egin beharko dute lan. Urrak eta Telleriak, berriz, 150 kiloko kopa, 137,5 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola altxatu beharko dituzte. Lau harri-jasotzaile horiek harriei ahalik eta altxaldi gehien ematen ahaleginduko dira.
Guztira, hamalau aizkolarik parte hartuko dute banakako Kirol Herri txapelketan, zortzi gizonek eta sei emakumek. Harri-jasotzaileei dagokionez, berriz, zazpi emakume eta sei gizon ariko dira lehian. Zapatuan Azkoitian jokatuko dute aurreneko kanporaketa, eta datorren astean, Aizarnazabalen izango da bigarrena.