Anaitasunaren taldeek bolada onari eutsi diote asteburuan, lehen bi talde nagusiek hiruna puntu batu baitituzte asteburuan, etxean. Herenegun, zapatua, gizonen taldeak 4-1 hartu zuen mendean Debako (Gipuzkoa) Amaikak Bat taldea Txerloian, eta atzo, igandea, 1-0 irabazi zuen emakumeen taldeak Donostiako Antiguoko taldearen aurka, zelai berean.
Loren Barbadok zuzendutako gizonek indarra ematen duten garaipen horietakoa eskuratu zuten. Lehiaren hasieran, Gipuzkoako 30 kirol federaziok, tartean futbolekoak, kirol instalazioetan errespetuaren alde egiteko eta haietan kiroltasunik gabeko jokabideak desagerrarazteko hasi duten kanpainarekin bat egin zuten Anaitasunak eta Amaikak Batek. Hala, lehen minutua geldirik igaro zuten 22 jokalariek, protesta moduan.
89 minutuko erronka izan zuen, beraz, Anaitasunak zapatuan, baina, beste behin, sendo azaldu zuen Anaitasunak bere burua zaleen aurrean, eta laster hartu zuen aurrea markagailuan. 5. minutuan, talde jokaldi on bati amaiera emanez, Hicham Hazim aurrelariak egin zuen gorritxoen arratsaldeko aurreneko gola. Ezker hegaletik egin zuten jokaldia Barbadorenek, eta Galder Guemberen pasea baliatu zuen Hazimek taldea aurretik jartzeko.
Ordea, ondorengo minutuetan lokartu egin zen Anaitasuna, begiak erdi itxi balitu bezala, eta Debakoek atera hurbildu ziren saiakera bakarrenetakoan egin zuten gola; zoritxarreko jokaldi batean berdindu zuten bisitariek Txerloian. Lo hartu zuen moduan esnatu zen, ordea, Anaitasuna, eta hiru gol jarraian eginda ebatzi zuen lehia. 27. minutuan, Julen Aramendik egundoko gola lortu zuen area kanpotik jaurtiketa eginda; Carlos Juaristik ere area kanpotik jaurtita egin zuen hirugarrena, Galder Guemberen pasea aprobetxatuta; eta laugarren gola, estrategiaz egin zuen Anaitasunak. Aramendiren korner erdiraketan Perezek egin zuen gorritxoen laugarren eta azken gola.
4-1 emaitzarekin jo zuten atsedenaldira bi taldeek. Emaitza horrekin berrekin zioten bigarren zatiari, baina desberdina izan zen; egoera aldatu egin zen zelaian, jokalariak lasaiago edo erritmo pausatuagoarekin aritu ziren eta. Nolanahi ere, Anaitasunak izan zituen gol gehiago egiteko aukerak; Oihan Etxanizen eta Jakes Diazen oinetan izan zituzten gorritxoek abaguneak, baina ez zituzten probestu. Hain justu, herenegun itzuli zen lehiara berrio Etxaniz, eskuko lesio luze baten ondoren zenbait hilabetez zelaietatik kanpo egon eta gero. Debakoek azkura gutxi eragin zioten Anaitasunari, eta eroso pilatu zituen hiru puntuak.
Hori hala, sailkapeneko bigarren postuari eutsiko dio beste aste batez Anaitasunak. Orain, ordea, aurreko astean baino gertuago dute gorritxoek Real Union liderra; izan ere, Irungoek (Gipuzkoa) 2-2 berdindu zuten zapatuan Orion, eta orain, bost puntuk banatzen dute lehen sailkatuaren (42 puntu) eta Anaitasunaren (37 puntu) arteko aldea. Datorren igandean ere etxean arituko dira Barbadorenak. 16:30ean hasita, Zumarragako (Gipuzkoa) Urola taldea izango dute aurkari gorritxoek.
Goiko arerioei irabazten
Iñigo Oruesagasti Orue-k zuzendutako emakumeen taldea ere bolada onean da. Urte berria hasi zenetik garaipena besterik ez dute ezagutu haiek –jokatutako lau partidak irabazi dituzte–, horien artean sailkapenean gainetik dituen hiru talderi irabaziz: Zumaiakori, Hernaniri eta Antiguokori. Goranzko bidean da, inolako zalantzarik gabe, Anaitasuna.
Atzora arte sailkapeneko hirugarren postuan zegoen Antiguoko taldeari gailendu zitzaion Anaitasuna. Joanekoan 7-0 galdu zuten Oruerenek Donostian, baina atzo agerian utzi zuten taldeak ordutik hona izan duen bilakaera. Jokoaren ekimena hartzen, eta bide batez, baloia mugitzen saiatu zen Anaitasuna, nahiz eta batzuetan nahi baino gehiago kostatu. Ordea, 16. minutuan iritsi zen Oruerenen gola. Alboko sake baten aldaratzea Aretha Azkueren oinetara iritsi zen, eta hark ez zuen barkatu ate aurrean; baloia sareetara bidali zuen hark zuzenean.
Lehia kontrolpean izan zuen Anaitasunak, baina Antiguoko saiatu zen bere baliabideak ustiatzen; ez zuen erraz etsi Donostiako taldeak. Bien bitartean, gorritxoak saiatu ziren bigarren gola egiten, baina atearen aurrean ez zuten egunik onena izan etxekoek, eta barkatu egin zuten. Hala, 1-0 emaitzarekin jo zuten bi taldeek atsedenaldira.

Bisitariak bultza egitera zelairatu ziren bigarren zatian, baina Anaitasuna txukun bezain sendo aritu zen defentsako lanean, eta Donostiakoek ez zuten gol aukera garbirik sortu. Aurreneko zatian bezala, gorritxoek izan zituzten gol aukerak, baina ez zuten lortzen abagune horiek borobiltzea. Gol bakarreko errenta horrek amaierara arte hortzak estutzera behartu zuen Anaitasuna.
Azkenean, baina, hiru puntuak batu zituzten gorritxoek. Sailkapeneko seigarren postuan jarraituko dute haiek, baina garaipenari esker, are gehiago estutu dute sailkapena goiko postuetan. Basauriko Kimuak taldea da liderra 39 punturekin, Zumaiako da bigarren 36 punturekin, eta Anaitasunak 31 puntu ditu. Datorren igandean, hilak 8, Bilbao Artizarrak taldearen aurka jokatuko du Anaitasunak, San Ignacio zelaian (12:45).