Korrikak Nafarroa hegoaldea euskalduntzeko egindako lana aitortu dio Errigorari

Erredakzioa 2026ko otsailaren 1a

Korrikak Durangoko Plateruenean omendu zuen Errigora. (Anboto)

Errigora izan da 24. Korrikak omendu duen eragilea. Atzo, larunbata, Durangoko (Bizkaia) Plateruenan egin zuen ekitaldia. "Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora", adierazi zuen Ane Elordi Korrikako arduradunak. Ekitaldian aurkeztu zituzten, halaber, Errigoraren Orburutxo eta Zainzuriñe panpinak.

24. Korrikak Errigora omendu zuen atzo, larunbata, Durangoko (Bizkaia) Plateruenean. Aretoa euskaltzalez bete zen, eta jai giroa izan zen nagusi ekitaldia hasi aurreko minutuetan. Zornotzako (Bizkaia) Kittu musika taldeak girotu zuen ekitaldiaren hasiera; izan ere, musikariek euskal kantak abesten jarri zituzten bertaratutakoak, harik eta Anabel Arraiza eta Aritz Ganboa aurkezleek omenaldi ekitaldia hasi zuten arte.

Hitz hartzea egiten lehena Xabi Gartzia AEKren nazio kontseiluko kidea izan zen. Errigoraren hastapen garaiak izan zituen gogoan hark: Korrika, legez, "ideia sinple bezain ausart moduan" jaio bazen ere, denborak erakutsi du egitasmo "arrakastatsua eta bikaina" dela. Gartziaren hitzetan, bada beste antzekotasun bat Errigoraren eta Korrikaren artean: "Errigora eskuz esku, fisikoki eta natural zabaltzen da, Korrikaren lekukoa bezalaxe", adierazi zuen AEKren nazio kontseiluko kideak.

Segidan, Ane Elordi Korrikaren arduradunak hartu zuen hitza. AEK-k eta Errigorak "printzipioetan bat" egiten dutela esan zuen zornotzarrak: "Helduen euskalduntzea dugu erronka eta helburu, eta alor horretan ere bidelagun dugu Errigora".

Errigoraren izenean, beren esker ona adierazi zioten Adriana Urmenetak eta Irati Abiok AEKri: "Eskerrak eman nahi dizkiogu Korrikari, bere 24. aldi honetan Errigoraren lana omentzeagatik. Ekimen gutxik daukate urtetik urtera herri honen grinari bizirik eusteko gaitasun magikoa, eta, dudarik gabe, Korrika da horietako bat da. Eta, nola ez, Errigorako kideongan ere eragiten ditu bizipoz eta harrotasun horiek edizio orotan".

Enbaxadore berriak

Ekitaldian, Errigorako panpinak aurkeztu zituzten: Orburutxo eta Zainzuriñe. Anabel Arraiza eta Aritz Ganboa aurkezleek iragarritakoaren arabera, Korrikak iraun bitartean bi pertsonaia horiek Euskal Herriko zein lekutan dauden identifikatzen dituztenek –izan lasterka egin bitartean, zuzeneko emankizunetan edota Korrikako aplikazioan–, "sorpresaren bat" izango dute zain.

Atharratzerako prest

24. Korrika Atharratzeko plazatik (Zuberoa) abiatuko da martxoaren 19an. Lekukoak hamaika egun egingo ditu egun eta gau geratu gabe; izan ere, martxoaren 29an helduko da Bilboko Areatzara. Euskara gara da 24. Korrikaren leloa, eta lasterkariek Zetak taldearen erritmora egingo dute korrika. Euskararen aldeko egitasmo erraldoia martxoaren 25ean igaroko da Urola Kosta eskualdearen kostaldeko herrietatik, eta martxoaren 28an, barrualdekoetatik. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide