Nola Biele ISBk, hala Domusa Teknik ISBk galdu egin zuten atzo, zapatua. Gizonen Biele ISB taldeak Xixongo (Espainia) Adolfo Suarez kantxan jokatu zuen Circulo Gijon Baloncesto taldearen aurka, eta 70-63 makurtu behar izan zuten etxekoen aurrean. Emakumeen Domusa Teknik ISBk, berriz, Malagako (Espainia) Unicaja Mijas taldea izan zuen atzo kotrario, eta 83-66 galdu zuten otsoek.
Lau porrot pilatu ditu Biele ISBk azken lau jardunaldietan; denboraldiaren hasieran batu ohi zituen puntu kopuruetatik urrun dabil Iñigo Nuñez entrenatzaileak zuzendutako taldea, saskiaren uztaia estutu bailitzaion, eta hala garaipenak lortu ezinik dabiltza otsoak. Atzo, esaterako, 32 hiruko saiakera egin zituen Biele ISBk, baina soilik sei saskiratze; hemezortzi puntu pilatu zituen lerro horretatik.
Nolanahi ere, Xixongoena eta Azkoiti-Azpeitikoena partida oso parekatua izan zen amaierara arte. Lehia amaitzeko hiru minutu eta erdi falta zirela, 61na ziren berdinduta bi taldeak markagailuan. Une erabakigarrian, ordea, etxekoek lan aparta egin zuten errebotean, eta sendo aritu ziren defentsako lanean. Hala, aurrena, lau puntura urrundu ziren Xixongoak.
Dena den, Biele ISBk aldea bi puntura murriztu zuen segituan Atxak lortutako saskiratze bati esker. Azken segundoetan, baina, epaileek esku hartu zuten, eta etxekoek lortutako hiruko saskiratze baten ondoren, falta teknikoa adierazi zion ISBri. Hala, jaurtiketa libreen lerrotik banaka-banaka gehitu zituzten puntuak etxekoek, harik eta 70.era iritsi arte.
Adria Moncanut joko antolatzailea izan zen taldeko saskiratzaile nagusia, 14 puntu pilatuta. Ordea, taldeko onena Pape Badji pibota izan zen, 13 puntu saskiratuta eta 16 puntuko balorazioa eskuratuta. Azken lau porroten ondorioz, Biele ISB sailkapeneko bosgarrena da orain, UEMC Baloncesto Valladolid liderrarengandik bi garaipenetara. Datorren igandean, hilak 8, Azpeitiko kiroldegian jokatuko dute otsoek Reina Proteinas Clavijo taldearen aurka (18:00).
Esku hutsik Malagatik
Emakumeen Domusa Teknik ISBren porrotak are beltzagoa egin du Azkoiti-Azpeitikoen asteburua. 83-66 galdu zuten Malagako (Espainia) Unicaja Mijas taldearen aurka. Etxekoek defentsa sendoan eta hirugarren laurden bikain batean oinarritu zuten garaipena.
Malagakoak oso indartsu kantxaratu ziren, eta, batez ere, kanpoko jaurtiketetan erakutsitako zehaztasunari esker, lehen minututik hartu zuten partidaren kontrola. Lehen laurdena 27-18 emaitzarekin itxi zuten. Bigarren laurdenean, Domusa Teknik ISBk lehia fisikoki gogortu zuen, eta, era berean, jokoaren erritmoa moteldu. Jokamolde horri esker, otsoak markagailuan zertxobait hurbildu ziren, atsedenaldira sei puntura iristeko (43-37).
Aldageletatik bueltan jokatutako minutuak zinez erabakigarriak izan ziren. Domusa Teknik ISBk aldea murriztu bazuen ere, Unicaja Mijasen defentsa nagusitu zen kantxan. Hori gutxi ez, eta etxekoek errenta berriro handitu zuten, Azkoiti-Azpeitikoei lehia eskuratzeko giltza ia guztiz kenduz; 64-51 ziren nagusi Malagakoak hirugarren laurdenaren amaieran. Azken laurdenean, Luis Agirrerenek azken saiakera egin zuten, baina Unicaja Mijasek partida nahieran kontrolatu zuen, eta gainera, aldea zabaldu zuen azken minutuetan.
Geraldynn Leaupepe izan zen taldeko saskiratzaile onena atzo, Malagan; 16 puntu saskiratu zituen hark. Ordea, taldeko jokalari onena Ines Araujo izan zen, hark lortu baitzuen taldekide guztien artean balorazio onena (11 puntukoa). Sailkapeneko bederatzigarren postuan dago gaur-gaurkoz Domusa Teknik ISB, zortzi garaipenekin. Datorren zapatuan, hilak 7, otsoek Cajasol Baloncesto Sevilla taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak, Azkoitiko Elkargunean (18:00).