Azkoitiko Sare Herritarrak deituta, 2026. urteko herriko lehen elkarretaratzea egin zuten dozenaka lagunek atzo, ostirala, plazan. Urtarrilaren 10ean Bilbon egindako manifestazioak "aurreikuspen guztiak" gainditu zituela esanez hartu zuten hitza Sare Herritarreko ordezkariek.
Ordea, Bilbon jazotakoa "mugarri" izatea nahi du aurten erakunde horrek. "Euskal gizartearen gehiengoa ordezkatzen duten alderdiekin, sindikatuekin eta eragileekin batera, gizarte zabalen zati oso garrantzitsua elkartu ginen iraganari ateak ixteko eta etorkizunari ateak irekitzeko eskaera lau haizetara zabaldu asmoz. Behar gisa identifikatzen dugun konponbideak ezin du gehiago luzatu", azpimarratu zuten.
Era berean, adierazi zuten "aukera handiak" daudela euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea lortzeko bidean, salbuespenarekin amaitzeko "urratsak egiten" jarraitzeko eta konponbide integral baterantz "gehiago" hurbiltzeko. "Sufrimendua eragiten jarraitzen duen auziari konponbidea eman nahi bazaio, ezinbestekoa izango da lege eta politika arruntak gailentzea. Ezinbestekoa izango da elkarbizitza agertokietara jauzi egin nahi badugu, iraganeko politikak alde batera utzi eta benetan etorkizunari begira jartzea. Ezin da gehiago luzatu".