Igor Quindos futbol entrenatzaile azkoitiarrak Espainiako Hirugarren RFEF Mailako Pasaia futbol taldea zuzenduko du aurrerantzean. Pasaiako (Gipuzkoa) taldeak atzo jakinarazi zuen Quindosen fitxaketa, eta hala, azkoitiarrak bigarrenez zuzenduko du Pasaia.
Aurrez ere talde horretako entrenatzaile lanak egin zituen hark. Hain justu, 2013an hartu zuen Quindosek Pasaia zuzentzeko ardura, eta 2015era arte egon zen han. Uda horretan bertan, Anaitasunak fitxatu zuen, eta 2018. urteko urtarrilera arte egon zen gorritxoen aulkian, harik eta Xabi Artetxek ordezkatu zuen arte. Anaitasunako entrenatzailea zela, gorritxoek Hirugarren Mailara igotzea lortu zuten, gainera.
Txerloiko aulkia utzi eta gero, Mutriku taldeko entrenatzailea izan da azkoitiarra, eta orain, Pasaiara itzuliko da. Jose Mari Serra izango du Quindosek laguntzaile. Sailkapeneko beheko postuetatik ihes egitea izango du helburu Quindosen taldeak; izan ere, 18 punturekin, jaitsiera postuetan dauden taldeekin puntuetan berdinduta dago Pasaia.