Jakinekoa da gorputzak informazio ugari gordetzen duela, iraganean izandako gertaeren gordeleku baita sistema organikoen multzoa. Eta jakinekoa da, era berean, barruan dagoen informazio horrek lehenago edo beranduago izan dezakeela eraginik osasunean. Hori saihesteko aterabide izan daitezkeen gero eta teknika gehiago praktikatzen dira gaur-gaurkoz mendebaldeko gizartean ere, eta horietako bat da kinesiologia, zenbaitentzat ezezagun izan daitekeen teknika. Herritar askori urruneko terapiak iruditu arren, horien emaitzetan sinetsita modu batera edo bestera jarraitzen duenik bada herrian, eta horietako bat da Mireia Cabanillas (Azkoitia, 1979) kinesiologian aditua.
Giza gorputzaren mugimendua aztertzen duen zientzia da, bere osotasunean, kinesiologia, eta funtzio eragilearen arazoak ebaluatzeko, saihesteko zein errehabilitatzeko erabiltzen da, kinesioterapiaren bidez. Askotariko alorretan aplika daiteke kinesiologia, esaterako kirolean, metodo ugari baitaude horren barruan ere. Cabanillasek, zehazki, kinesiologia emozionalean jartzen du arreta berezia, eta arlo horretan garatu du, batik bat, bere ibilbidea. Zer da, ordea, kinesiologia emozionala? Adituak berak eman du erantzuna: "Gorputza testatzeko modu bat da. Gorputzaren testatze neuromuskularraren bidez, pertsonaren inkontzientera iristen gara, eta modu horretara jakin dezakegu emozionalki nola dagoen. Horren arabera, lanketa zehatz bat egiten dugu oreka fisikoa zein emozionala bilatzeko".

Pertsonaren egoera emozionalaren eta haren gihar erantzunaren arteko loturan oinarritzen da Cabanillasen jarduna, eta metodo horren bidez gorputzaren inguruko "informazio zehatza" lortzen du hark. Pazientearen eskuetan zein hanketan erreferentzia batzuk hartzen ditu, eta hala jakiten du zein den haren egoera. Izan ere, momentuko egoerak, esaterako, giharrak tenka ditzake, eta hori estimulu bati emandako erantzunaren aldaketa gisa adierazten da: "Gihar bat ahul baldin badago, horrekin lotura duen organoan ere izan dezakete eragina emozioek. Esaterako, giltzurrunak lotura du beldurraren emozioarekin, eta pertsona bat beldurrezko pasarteren bat igarotzen ari baldin bada, giltzurrunari lotutako giharra edo giltzurruna bera ahuldu egin daiteke. Gorputzaren testatzean pazienteak emozionalki lanketa behar duela sumatzen bada, haren bizitza testatzen joaten gara, arazoa nondik datorren jakiteko". Era berean, "inkontzientearen bidez" iraganean mugarri izandako une horretara iristea ere izaten du helburu, esaterako, estresa kentzeko. "Emozioak ez baldin baditugu kudeatzen, gorputza kexatu egiten da, eta kinesiologiak, jatorrira joanda, arindu eta askatu egiten du".
Dikotomiatik urrun
Gaztetan murgildu zen Cabanillas kinesiologiaren munduan, masajista lanetan hasi zenean. "Bezeroek arazoak eta kontuak kontatzeko joera zutela ohartu nintzen. Neure buruari galdetzen nion zer egin nezakeen haiei laguntzeko, eta formatzen hasi nintzen, jasotako informazioa, ondoren, neuretzat ere baliagarria izan zitekeelakoan. Izan ere, ni hobeto egoteak bezeroarengana hobeto iristea ahalbidetuko zidala pentsatzen nuen. Arazo emozional bakoitzaren aurrean zerk balio zuen jabetu nintzen", esan du.
Horrela osatu du ibilbidea Cabanillasek, harik eta kinesiologiaren munduan lekua egin duen arte. Hark azaldu duenez, gaur egun herritar "askok" antsietate arazoak dituztelako jotzen dute berarengana, eta beste batzuek, berriz, beren bizitzetan "aldaketaren bat" egin nahi dutelako. "Batzuetan, lagunekin-eta gaudenean, ez gara ondo adierazten, ez dugulako nahi ondoan duguna mintzerik. Baina gero geu sentitzen gara gaizki, eta horrek eragina izaten du loan edota atsedenean. Beraz, egoeraren aurrean ondo nola senti gaitezkeen jakiteko teknikak lantzen ditugu". Arrazoi desberdinek sortutako estresa ere "oso ohikoa" dela esan du hark, eta horrek gorputz osoa desorekatzen duela, emozionalki zein fisikoki. "Organoei zuzenean eragiten die, eta horretatik, oso garrantzitsua da estresa kudeatzea eta oreka bilatzea". Lanak eragindako "antsietate eta estres" kasuak ohikoak direla azaldu du terapeutak: "Lanean exigentzia maila altua dutelako eta mugak jartzen ez dakitelako etortzen dira herritarrak maiz nigana. Halakoetan, pertsonak berak egiten du lanketa; besteak beste, bere sinesmenei zein zuhaitz genealogikoari erreparatzen diegu".

Medikuntza orokorretik at, terapia alternatibotzat jotzen da gaur egun kinesiologia emozionala, Cabanillasen ustez, haren jardunak "emaitza agerikoak" izaten baditu ere. Are gehiago: kinesiologian adituak adierazi du medikuntza orokorrak eta alternatiboak ez dutela zertan kontrajarrita egon behar, dikotomia izatetik haratago, pazientearen osasunarentzat biak "osagarri" izan daitezkeelako: "Batak ez du bestea kentzen. Uneren batean medikuarengana jotzea ezinbestekoa da, zalantzarik gabe. Baina biak batera joan daitezke, kinesiologia bezalako metodoak baztertu gabe; izan ere, kinesiologiak laguntzen du norbere burua ezagutzen ere. Gainera, maiz medikuak botikak ematera mugatzen dira, baina ez dute arazoaren muinera heltzeko bide ematen; hau da, laguntzen dute sintomatologia arintzen, baina ez arazoaren zergatia argitzen. Beraz, iruditzen zait tratamendu bat har daitekeela, baina aldi berean egin daitekeela bestelako lanketa bat norbere burua ezagutzeko eta egoerari buelta emateko".
Horri lotutako, halako teknikek osasun publikoan lekua izatea nahiko luke azkoitiarrak. "Hogei urte baino gehiago daramatzat honetan, eta betidanik ikusi izan ditut kinesiologia bezalako arloak eta zientziari lotutako medikuntza aurrez aurre. Askok gure kontrako jarrera dute, baina ez dut uste konfrontaziorik egon behar duenik, biak direlako lagungarriak", berretsi du hark. Dena den, halako terapiek gizartean gero eta onarpen handiagoa dutela azaldu du Cabanillasek, eta haren hitzetan, gero eta pertsona gehiago dira egoerari aurre hartzeko zein egoera arintzeko "beste ikuspuntu baten bila" jotzen dutenak. Izan ere, norberaren osasuna zaintzeko gero eta joera handiagoa dagoela eta azken urteetan horretarako aukerak ugaritu egin direla esan du. Hain zuzen, herritarrek lehen baino abaniko zabalagoa dute leku batera edo bestera jotzeko. Dena den, gaiari lotutako hainbeste informazio egonda ere, egoerari ondoen egokitzen zaion bidea aukeratzea askorentzat zaila izan ohi dela azaldu du hark: "Metodo guztiak izan daitezke baliagarriak, baina ez die guztiei modu berean eragiten; norberaren egoeraren araberakoa izaten da hori".

Osasunerako terapiak bezala, aurrera doaz horretarako teknikak ere, eta etorkizunean guztiei ikusten die lekua Cabanillasek. "Gero eta aukera gehiago ditugu, eta nahi duenak erabil ditzake horiek", esan du. Halako teknikak aurrera begira gero eta ohikoagoak izango direla uste du hark; izan ere, jakin badaki gizartean beste era bateko kontzientzia dagoela egun. Badaki gaur egun inportantzia handiagoa ematen zaiola osasuna beste modu batera zaintzeari.
Motzean
- Adina: 46 urte.
- Ikasketak: Estetika eta kiromasajea.
- Lanbidea: Terapeuta emozionala eta energetikoa.
- Terapeuta ez banintz... pertsonekin lotura duen beste lanposturen bat izango nuke.
- Lanetik ateratzean gogoko dut... lagunekin zerbait hartzera joatea.