Biba kazetaritza!

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 10a

Idazmakina bat. (Pixabay)

Maddi Txintxurreta kazetariak urtarrileko Azkoitia Guka aldizkariaren Korapiloa iritzi atalerako idatzitako iritzi artikulua da honako hau: Biba kazetaritza!.

Rara avis bati idazten ari natzaiola jakitun naiz, jende arrunta jadanik ez baita ilustratzen periodikua (edo aldizkaria) leituz. Lerro hauek irakurtzen dituena katamotz iberiar bat da, edo jubilatu bat, desagertzear dagoen espeziea hori ere. Tik Tok-en erritmoak iragartzen du kazetaritzaren heriotza, tik tak, tik tak... Esazue egia: datsegit emateko botoirik ez bada, dizertit.

Broma zen! Irakurtzen ez gaituztelako botatzen dituen malkoetan itotzen den sektorea da gurea, arazoa etxetik kanpo seinalatzen duen bitartean. Egia da, mezu azkarrek agintzen duten arora egokitzea nekeza da, sormenak baino azkarrago biratzen baitu munduak, eta hala ere, gazteak hedabideetara hurbiltzea bada helburua, garrantzitsua da formula eta euskarri berriak etengabe probatzea, batzuetan galbanak eta ezinak harrapatzen bagaituzte ere. Kazetaritzarentzat soilik ez, ezinbestekoa da euskararentzat ere, jakina baita ez duela aldizkariei esker bakarrik biziraungo. Denean egon behar du.

Horrek ez du esan nahi karga informatibo handiko testuetan, betiko kazetaritzan nahi bada, indarra galdu behar denik; hori egingo balitz, sektorea bere buruari harrika ariko litzateke. Berehalakotasunaren zurrunbiloan galduko balitz, inork ez luke jakingo desberdintzen hedabide bat iragarpenen hornitzaile batengandik. Kazetaritzak lana eskatzen dio kazetariari eta irakurleari, ez da entretenimendu soila, eta horrela izaten segitu behar du bere funtziorik behinena sekula ahaztu ez dezan: herritarrak ondo informatzea.

Kazetaritzak lana eskatu behar dio kazetariari eta irakurleari, ez da entretenimendua

Gainera, helburu horri segika lantzean behin ezartzen diren mugarriek ematen dute ospatzeko motiborik. Iazko azaroaren 20an 50 urte bete ziren Francisco Franco diktadorea hil zela, eta dozena bat erreportaje nahiz hainbat bideo biltzen zituen Frankismoa: orbainaren mintzoa seriea kaleratu zuen Gukak. Diktaduraren garaia bizi zuen Urola Kostaren erradiografia zuhurra eta garai hartatik gaur egunera arte bizirautea erdietsi duten ondorio latzen argazkia eskaini zituen arnas luzeko lanketa horrek. Kazetari gazteek nahiz helduek idatzi zuten, herritar gazteek nahiz helduek hartu zuten hitza. Tokiko eta euskarazko komunikabide batek horrelako erronka bati buru egitea ospatzekoa da, burujabetza ariketa bat ere badelako: gu ari gatzaizkio gure buruari hitz egiten. Eta birritan ospatzekoa da edukia herritarrengana iritsi bada. Irakurleen artean ere katamotz gazterik izango zen, ziur. Daflipat!

Oztopoz betetako bideetan zaildutako sektoreari bidea asmatzen segitzea dagokio, ez dezan inoiz txio batean zera iragarri: "Azkoitiarrok, kazetaritza hil da". Biba kazetaritza!

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide