Pentsamendu arinetik sakonerako espazioa

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 27a

(Freepik)

Lehen saioan uste baino erantzun hobea izanda, pentsamendu kritikoa sustatzea helburu duen Txinparta taldea abian da Azkoitian. Otsailaren 3an izango da hurrengo hitzordua.

Txinparta Euskal Herriko filosofia zaleen saretik sortutako taldea osatu berri dute Azkoitian, eta horrenbestez, gizarte gaiekiko pentsamenduetan sakondu nahi duten herritarrek beren espazioa izango dute aurrerantzean herrian bertan. Datorren hitzordua ere zehaztu dute: otsailaren 3an elkartuko dira, Elkarguneko Oteiza aretoan, 18:30etik 20:00etara artean.

Julen Garate izan da Azkoitiko taldearen sorrera sustatu duena. Euskal Herriko Txinparta egitasmoko kideetako bat da azkoitiarra, eta hark azaldu du sarea herriz herri zabaltzeko asmoa dutela. Dagoeneko Bergaran (Gipuzkoa) eta Donostian sortu dituzte taldeak, eta Azkoitian ere taldea abian jartzeko ahalegina egin nahi izan du hark. Hain zuzen, Azkoitiko Txinparta taldea sortzeko saiakeran, bilera baterako deialdia egin zuten duela bi aste, eta Garatek adierazi du espero baino herritar gehiagok erantzun zutela: "24 bat lagun elkartu ginen, eta ezustean harrapatu gintuen herritarren erantzunak. Horietako batzuek esan digute ondorengo saioetara beharbada ez direla joango, baina pertsona berri batzuek agertu dute horretarako interesa. Lehenengo bileraren asmoa zen taldea osatzeko nahikoa jende ba al zegoen jakitea, eta badagoela ikusi dugunez, aurrera egitea erabaki dugu", esan du hark.

Filosofia arlo akademikotik plazara eraman nahi dute sustatzaileek, eta aurreratu dute kontua ez dela izango "Kant edota Hegel" ikastea, baizik eta gaur egun "mundua dagoen egoeraren aurrean buruari buelta batzuk" ematea. Hain zuzen, filosofia hitzak herritarrentzat "pisua" duelakoan, Txinparta pentsamendu kritikoa landuko duen taldea izango dela azpimarratu nahi izan du Garatek, iritzita egungo "gizarte arinean" pentsamendu kritikoa sustatzeko guneak "behar-beharrezkoak" direla. Hortik abiatuta jarri dute martxan Azkoitiko taldea ere, eta horrenbestez, gaiek merezi duten sakontasunez lantzeko aukera izango dute hala nahi duten herritarrek: "Gero eta errazago jotzen dugu klik egitera, albiste azkarrera eta X gisako sare sozialetara. Agintariek diotenek ere ez dute sakontasunik eskatzen: nahikoa da [Donald] Trumpek X-n zerbait esatea albiste bat egiteko. Albistea horixe besterik ez da, eta gu horren arabera mugitzen gara; hau da, gizartean azaleko joera nagusitzen ari da, baina iruditzen zaigu gaien inguruko jakintza handiagoa behar dela. Era berean, jendeak, bestela ere, beharra sentitzen du gaiez modu sakonean hitz egiteko", azaldu du taldeko kideak.

Dinamika zehazteko 

Sustatzailearen arabera, landu daitezkeen hainbat gai proposatu zituzten aurreneko saio hartan, hala nola zoriontasuna, heriotza eta dibortzioa. "Zertarako gaude hemen?" galdera lantzea ere mahai gainean jarri zuten hainbatek, eta horixe izango da, hain zuzen, hilaren 3ko hitzorduan kideek jorratuko duten hizketagaiaren abiapuntua.

Era berean, bilera horretan bertan zehaztuko dute Azkoitiko Txinparta taldearen funtzionamendua eta maiztasuna ere. Izan ere, oraindik ez dakite egitasmoak zer dinamika hartuko duen, baina Garatek aurreikusten du irakurle talde baten gisakoa izango dela beraiena ere: "Printzipioz, norbait arduratuko da proposatutako gaiak lantzeaz, jakinda eredu desberdinak egon daitezkeela horretarako: Bergarako taldean, esaterako, testuak hartzen dituzte gai jakin bat jorratzeko, baina interesgarria izan daiteke beste formatu batzuk ere erabiltzea, hala nola podcastak zein bideoak. Hasteko, hurrengo saiora esku hutsik joango gara, ezer gabe, mahai gainean jarri dugun galdera oso orokorra delako eta uste dugulako adar askori helduko diogula".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide