Profesional mailako esku pilota partidak izango dira otsailaren 21ean, larunbatez, Azkoitiko Gurea pilotalekuan (17:00). Jaialdi berezia ikusteko aukera izango dute pilotazaleek herrian; izan ere, sustraiak Azkoitian dituen Beñat Zubizarreta Zubizarreta IV.a pilotari ataundarrak profesional mailan egingo du debuta Baiko enpresarekin.
Ordea, B Serieko binakako txapelketaren play-offeko azken partida ere jokatuko dute Gurean. Txapelketako finalerdiak erabakitzeko, batetik, sailkapeneko hirugarrenak eta laugarrenak elkarren artean neurtu beharko dituzte indarrak, eta bestetik, bosgarrenak eta seigarrenak. Azkoitian, hain justu, hirugarren eta laugarren sailkatuen arteko galtzaileak eta bosgarren eta seigarren sailkatuen arteko irabazleak jokatuko dute partida. Lehia hori eta gero egingo du debuta 20 urte dituen Zubizarreta aurrelariak.
Pilota jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai daude. Entradas Fronton atarian eskuratu daitezke horiek 25 eta 35 euro artean. Kantxako harmailako sarrerek 35 euro balio dute, eta goiko solairukoek nahiz errebotekoek 25 euro. Aurrez sarrera guztiak agortzen ez badira, egunean bertan ere erosi ahal izango dira Gureako leihatilan.