Pirinioetara irteera antolatu du Anaitasuna mendi bazkunak otsailaren 7rako eta 8rako

Julene Frantzesena 2026ko urtarrilaren 26a

Canal Roya ingurua. (Aragoiko mendien defentsarako plataforma)

Canal Roya mendia igoko dute lehen egunean, eta bigarrenean, berriz, Peyreguet. Bi eguneko irteerarako izena eman daiteke dagoeneko Internet bidez; ostirala izango da izena emateko azken eguna. Datorren zapatuan Santa Engrazia eta Sañoa inguruetan barrena txangoa antolatu du Anaitasuna mendi bazkunak.

Anaitasuna mendi bazkunak Pirinioetara irteera antolatu du otsailaren 7rako eta 8rako. Canal Roya mendia igoko dute lehen egunean, eta bigarrenean, berriz, Peyreguet; txango horiek 10,6 eta 12 kilometrokoak izango dira, hurrenez hurren. Bi irteerak oinez edo eskiatzen egin ahal izango dituzte partaideek, eta materiala bertan alokatzeko aukera izango dela aurreratu dute antolatzaileek.

Bi eguneko irteerarako izena eman daiteke dagoeneko Internet bidez, honako formulario hau beteta. Aterpetxean afaltzeko, lo egiteko nahiz gosaltzeko aukera izango da, baina bi egunetarako janaria eta edaria norberak eraman beharko du. Bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute, eta gainerakoek, 70 euro. Ostirala izango da izena emateko azken eguna.

Irteeran parte hartzeko beharrezkoa da mendian federatuta egotea, eta partaideek federatu txartela eraman beharko dute soinean bi egun horietan. Eguraldi iragarpenaren arabera, planak alda daitezkeela iragarri dute Anaitasunako kideek.

Santa Engrazia eta Sañoa

Pirinioetara ez ezik, inguruko parajeetan barrena egiteko txangoa antolatu du Anaitasunak. Hain zuzen ere, Zestoatik Santa Engazira eta handik Sañoara irteera egingo dute datorren zapatuan. 15,5 kilometroko ibilaldia izango da, 800 metroko maldaduna, eta ibilbidea bost bat orduan gauzatzea espero dute antolatzaileek. Partaideak larunbatean 07:50ean elkartuko dira Aizkibel liburutegiaren aurrean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide