Aurrekontu parte hartzaileetan botoa emateko aukera izango dute herritarrek bihartik

Ane Olaizola 2026ko urtarrilaren 21a

Balda plaza, airetik. (Filmsuri)

300.000 euro zertara bideratu erabakitzeko, Azkoitiko Udalak bihar zabalduko du bozketa fasea. Herrian erroldatutako 16 urtetik gorakoek parte har dezakete bozketan, otsailaren 5era bitartean. 

Azkoitiko Udalaren aurrekontu parte hartzaileen prozesua bozketa fasean sartuko da bihar, eta horrenbestez, fase horretara iritsi diren proposamenei botoak emateko aukera izango dute herritarrek otsailaren 5era bitartean. 300.000 euro zertara bideratu erabakitzeko, herritarrek botoa fisikoki zen digitalki emateko bideak prestatu ditu horretarako erakundeak: zehazki, postontziak jarri ditu udaletxean, Elkargunean eta Aizkibel liburutegian, eta Interneten, lotura honetan jarri du botoa emateko aukera.

Herrian erroldatutako 16 urtetik gorako pertsonek izango dute bozkatzeko aukera, eta aurrekontuaren araberako bi multzotan banatuta dauden 26 ekarpenen artean egin beharko dute aukeraketa herritarrek. Hau da, 18.000 euro baino aurrekontu txikiagoa duten hamahiru ekintza jaso dituzte zerrenda batean, eta 18.000 eta 250.000 euro arteko aurrekontua duten beste hamar, bigarrenean. Herritarrek, zerrenda bakoitzean gehienez hiru proposamen bozkatu ahal izango dituzte. 

Herritarrek 18.000 eurotik beherako aurrekontua duten proiektuei eta kopuru hori 250.000 eurora arte gainditzen duten egitasmoei eman ahalko diete lehentasuna. Lehenengo zerrendak hamahiru ekimen jasotzen ditu, eta bigarrenak, beste hamar. Zerrenda bakoitzeko gehienez hiru proposamen bozkatu ahalko dira. Udalak, bere aldetik, 300.000 eurotik 50.000 euro erabiliko ditu 18.000 eurotik beherako "proiektu txikiak" gauzatzeko, eta gainontzeko 250.000 euroak aurrekontu handiagoko ekimenentzat izango dira. Bestalde, Azkoitiko Udalak azaldu duenez, ikasleek ere parte hartuko dute bozketa fasean, baina ikastetxeetan egingo duten aparteko lanketaren bidez egingo dute hori. 

Iazko apirilean hasi zuen udalak aurrekontu parte hartzaileen bidea, berme batzordea osatuta, eta herritarrek maiatza eta ekaina artean izan zuten proposamenak helarazteko aukera. Guztira, 726 proposamen jaso zituzten, horietatik 308 ikastetxeetatik. Ordutik, errepikatutako proposamenak multzokatu dituzte teknikariek, beste batzuk baztertu ere bai, "zehaztasun ezagatik". Hain zuzen, "benetan bideragarriak direnak" hautatu dituzte bozketa faserako, aurrez hala zehaztutako hainbat irizpide kontuan izanda: "Ezarritako aurrekontuaren barruan sartzen direlako, eskumena udalarena delako, edo gastu iraunkorrik sortzen ez dutelako". 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide