Bi filmekin osatu dute asteburuko zinema karteldegia Baztartxo antzokian: Abuela tremenda eta Rondallas. Zapatuan Nor naizen baneki antzezlana ikusteko aukera izango da Baztartxo antzokian, eta, horrenbestez, bi egunetara mugatuko da oraingoan zinema eskaintza, igandera eta astelehenera. Asteartean, berriz, zineforuma izango da, eta orduan, Urchin filma emango dute Baztartxon.
Igande arratsaldeko haurrei zuzendutako saioan (17:00) emango dute Abuela tremenda komedia filma (Espainia, 2026). Aktoreen artean Elena Irureta zumaiarra dago, eta gainontzekoak dira Toni Acosta, Carla Pastor eta Carlos Serrano. Honela dio filmaren sinopsiak: "Toñi ez da nolanahiko amama, ez da geldirik egotekoa eta hainbat saltsatan sartuko da. Haren alaba Daniela bere onetik ateratzen du, baina Alexia bilobak izugarri maite du amama. Danielak bere alaba nekazalgune bateko barnetegi batera eramango du, eta karabana hartuta hara joango da amama bilobari konpainia egitera. Barnetegia hankaz gora jarriko du amamak".
Igandean (19:30) eta astelehenean (20:00), berriz, Daniel Sanchez Arevalo zuzendariaren Rondallas (Espainia, 2025) ikusteko aukera izango da Baztartxon. Honela dio sinopsiak: "Bi urte pasatu dira itsasontzi bat urperatu eta gertaerak Galiziako herri txiki bat astindu zuenetik. Herriko biztanleek erabaki dute garaia dela dolua atzean utzi eta ilusioa berreskuratzeko. Hala, berriro elkartu eta errondaila martxan jartzea erabakitzen dute. Musika taldean adin guztietako herritarrek parte hartuko dute eta lehiaketa baterako prestatuko dira".
Asteartean (20:00) zineforumean Urchin (Erresuma Batua, 2025) filma emango dute. Harris Dickinsonek zuzendutako filmaren sinopsiak honela dio: "Londreseko kaleetan bizi den etxegabeko gazte batek ahal dituenak egingo ditu bizirauteko, iraganari aurre eginez eta bizi duen egoerari irtenbidea aurkitu nahian. Bere burua deskubritzen joango da, eta uste ez zituen aukerak sortuko zaizkio".